Merezia
Pena merezi du» gaztelaniazko merece la pena esapidearen kalko nabarmena da, maiz samar entzun eta irakurtzen dena. Antza denez, gaztelaniaz halako oinaze edo nahigaberen bat jasanda ere zerbait onuragarritzat jotzen denean erabiltzen da, baina euskaraz kontzeptu hori adierazteak ez du zertan penagarria izan eta aski da «merezi du». Esate baterako, oporrak hartzea.
Maiz entzun eta irakurtzen da, halaber, zerbaitek merezi duela, baina zer merezi duen esan gabe ez dirudi oso zuzena; beraz, borrokatzeak merezi duela esanez gero, irabaztea merezi duela esan beharra dago, kasu baterako; garaipena, galera, saria edo, euskaldunon kasuan, zigorra merezi duela. «Hobe da borrokatu eta galtzea/ galera aurrez onartzea baino», idatzi zuen preso batek Puerto de Santa Mariako «usategiko» zigor zelda batean; hark, beraz, borrokatzea merezi duela uste zuen.
«Honela bizitzekotan, hobe sekula ez hiltzea», esaten genuen gazte garaian parrandaren batean edo gogoko egoera batean. Bizitzea merezi duela esateko modu bitxia. Baina ba bide da hiltzea merezi duela pentsatzen duenik ere; hiletsita, oinaze ikaragarria edo egoera latza jasaten ari denak kasu. Hiltzeak merezi duela esateko, berriz, hilko den norbait ere behar dugu, hura hiltzeak agur ekitaldi bat merezi duela esan nahi badugu, edo norbaitek beste norbait hil izanak zigorra merezi duela, betiere legearen arabera, Estatu batek hil ezean, jakina. Izan ere, pena ez baina hiltzea merezi zuen Ayman al-Zawahiri Al-Qaedako liderrak Ameriketako Estatu Batuetako gobernarien ustez; edo Francisco Francok jende askoren ustez. Kasu horretan, askoz lehenago hiltzea merezi zuela zehaztuta, ordea.
Nik ere merezi dut hiltzea, nonbait, hilkorra naizenez gero. Edonola ere, bitartean, merezi du oporrak hartzea.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
