Bizkaia eta Araba abuztu erdialdeko jaietan murgilduko dira
Abuztuaren erdialdera iritsita, Bizkaiko eta Arabako herri asko jaietan murgilduko dira: Ondarroa, Algortako Portu Zaharra, Gernika, Portugalete, Larrabetzu, Meñaka, Amurrio, Laudio... Denen gusturako ospakizunak izango dira, gozamenerako pentsatuak.

Ondarroako Andra Mari jaiak gaur abiatuko dira masta puntako jokoarekin. Bihar Gazte Eguna izango da eta bertan ez dira faltako karropoteoa, gazte bazkaria, gazte jokoak, txosna irekiera eta kontzertuak. Igandeko Amnistia Egunean falta direnak gogoan izango dituzte manifestazio eta brindisarekin. Andra Mari Egunean, ohiko ekitaldiak berreskuratuko dituzte: txistularien kalejira, aurreskua, Eingo!-rekin kalejira, pilota partidak, kale animazioa eta su artifizialak...
Asteartean Kuadrilla Eguna izango da, eta marmitako lehiaketa, bertso saioa, kuadrillen bazkaria eta herri kirolak ez dira faltako. Festak asteazkenean amaituko dituzte, Arrantzaleen Egunean. Musika talde ezagunen artean Gozategi, Trikizio eta Su Ta Gar egongo dira Ondarroan.
Algortako Portu Zaharra
Algortako Portu Zaharrean sanikolasak ospatuko dituzte asteburuan. Gaur Kalimotxo Eguna da, eta duela 50 urte bertan edari ezaguna sortu zuen kuadrillari omenaldia egingo diote gazte bazkariaren ostean.
Larunbatean txikienak izango dira protagonistak eta umeen parkea egun osoan egongo da zabalik. Igandea marmitako lehiaketarekin hasiko da, gero eguna bertso saioarekin amaitzeko.
Gernika
Andra Mari eta San Roke jaiak ospatuko dituzte igandetik datorren ostegunera. Horrela, txupinazoa Iparragirre Rock Elkarteak eta Asier Villalibre futbolariak jaurtiko dute. Astelehenean goitibehera jaitsiera famatua berreskuratuko dute eta hurrengo egunean sukalki txapelketa egingo da, gero bazkari herrikoiari bide emateko. Asteazkenean San Roketxuko mozorroen desfilea dago iragarrita eta azken eguna, hilak 18, familiei zuzendutakoa da, herri kirol, apar jai eta magia saioarekin.
Portugalete
Sanrokeak aitzakia, igandean hasi eta asteazkenera arte parrandan arituko dira portugaletetarrak. Hitzordu gastronomikoak izango dira, tartean asteleheneko pil-pil erako bakailao txapelketa eta sagardo eta txorizo dastaketa.
Musikaren esparruan, Sukar, Huntza, Gatibu, La M.O.D.A, La Guardia edo Los Zigarros bezalako taldeek joko dute. Txosnagunean, bestetik, Reincidentes eta Parabellum, DJ Toruxx, Inguma eta Altxa Porru izango dira.
Larrabetzu
Andra Mariak igandean abiaraziko dituzte. Txupinazoa eguerdian bota eta arratsaldean umeentzako puzgarriak, Xaibor eta Laket izango dira. Astelehenean, berriz, kalejira, dantzak, txarangak, karrozen irteera eta dantza lehiaketa izango dira. Gero, gaueko musika saioez Gozategi eta DJ Bull arduratuko dira. Asteartean, umeentzako ekintzak eta lehiaketa gastronomikoak izango dira nagusi.
Meñaka
Txupinazoa igande arratsaldean botako dute eta gero Santillandira igoera abiatuko da trikitilariekin. Iluntzean Kittu ibiliko da tabernarik taberna.
Astelehenean herri kirol erakustaldia eta frontenis txapelketa izango dira eta asteartean, umeentzako jokoak, bertso poteoa, tortilla txapelketa eta kale antzerkia daude iragarrita. Bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, ostiralean, abuztuak 19, bueltatuko dira jaiak herri bazkariarekin, eta, hurrengo igandean, hilak 21, sukalki txapelketa izango da.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
