D.L.

Munduak Errusia «terrorista» izendatzea nahi du Letoniak

Errusiar gutxiengoari eskubideak onartzen ez dizkion Letoniak dei egin du Errusia «terrorismoa sustatzen duen herrialde» izendatzeko eta errusiarrei eta bielorrusiarrei Europar Batasunean sartzen ez uzteko. Oraingoz Estoniak eta Finlandiak soilik itxi dizkiete ateak.

Krimeako aerodromo militarra, satelite bidezko irudi batean.
Krimeako aerodromo militarra, satelite bidezko irudi batean. (AFP)

Letoniako Parlamentuak Errusia «terrorismoa sustatzen duen herrialde» izendatu du Ukrainako inbasioa dela-eta. Are, bat egin du Gobernuarekin Errusiako eta Bielorrusiako turistei bisa ez emateko Europar Batasunari egindako eskaeran. Bide batez, Baltikoko herriko ganberak dei egin die beste herrialdeei adierazpena bere egin dezaten. Izan ere, Errusiak otsailean Ukrainari eraso egin zionetik era guztietako «sarraskiak» egin izana leporatzen die indar errusiarrei eta zibilen aurkako biolentzia «terrorismoa» dela salatu du. Errusiaren aurkako zigorrak areagotzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute Letoniako diputatuek NATOko kideei zuzenduz.

Hala ere, ez dirudi, momentuz behintzat, Europar Batasunak, bloke bezala, turista errusiarren bidaiak ekiditeko asmorik duenik. Estoniako lehen ministro Kaja Kallasek «Europara bidaiatzea pribilegioa» dela ziurtatu du asteon, «ez giza eskubidea». Oraindik soilik Finlandiak eta Letoniak egin dute bat Estoniarekin.

Letoniako Parlamentuko Kanpo Arazoetako presidente Rihards Kolsek, berriz, salatu zuen Errusiak «urteak» daramatzala «erregimen eta erakunde terroristei laguntzen».

Errusiako Kanpo Arazoetarako bozeramailea den Maria Zajarovak, bere aldetik, «xenofobia basatia» eta «neonazien ekimena» ikusten du Letoniak hartutako erabakiaren atzean.

Zaporizhiako zentrala

Nazio Batuen Erakundeak dei egin die Errusiari eta Ukrainari Zaporizhiako zentral nuklear erraldoiaren inguruan elkarren arteko borrokak eteteko. Kievek eta Moskuk beste eraso bat leporatu zioten elkarri atzo bertan.

Errusiak eskatuta, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak gaia aztertu behar zuen atzo. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak bere kezka agertu zuen eta ikerketa bat aurkeztekoa zen.