GARA
LEHEN MAILA

Hiru euskal taldeek etxetik kanpo hasiko dute Liga, irailaren 10ean

Lehen Mailako hiru euskal taldeek etxetik kanpo hasiko dute Liga. Hirurek, gainera, zelai konplikatuetara egin beharko dute bisita. Realak, pasa den urteko txapeldunordeak, Atletico Madrilen aurka estreinatuko du denboraldia, iazko emaitza historikoa errepikatzea zaila izango den jakitun baina erronka berriari aurre egiteko prestatuta.

UDG Teneriferen zelaia bisitatuko du, bestalde, Athleticek. Beti gauzak zail jartzen dituen arerioa da kanariarra eta ondo baino hobeto dakite zuri-gorriek, sekula ez baitute bertan irabazi.

Alavesek, azkenik, Levante bisitatuko du. Denboraldi berriari begira jokalari garrantzitsu asko galdu dituen arren, sailkapenaren goialdean egotera deituta dago Villacamparen taldea. Babazorroek iaz ezusteko bat baino gehiago eman zuten eta aurten ere horrela egitea izango dute xede.

Euskal derbiei dagokienez, Gasteizen jokatuko dira goiztiarrenak eta biak elkarren segidan, gainera. 6. eta 7. jardunaldietan jasoko ditu Ibaiak -edo Mendizorrotzak- Athleticen eta Realaren aurkako dema erakargarriak, urriaren erdialdean eta bukaeran, alegia.

Athleticen eta Realaren arteko norgehiagoka azaroaren 20an iritsiko da, 9. jardunaldian. Lezaman -edo San Mamesen- lehen itzulian eta Zubietan -edo Anoetan- 24. jardunaldian. Reala-Alaves eta Athletic-Alaves derbiak ere elkarren segidan jokatuko dira. Zubietan, apirilaren 2an, eta, hurrengo astean, Lezaman.

POLEMIKA

Atzo egin zen Ligako egutegiaren zozketa, hainbeste arazo ekarri dituena. Espainiako Futbol Federazioren eta LPFF liga profesionalaren arteko eskuduntza ika-mikan, Kirol Kontseilu Gorenak esku hartu zuen eta, anbiguoki bada ere, Federazioari eman zion zozketa egiteko eskumena. Arazoak baina ez dira horretara mugatu. Atzoko zozketan, zenbakiz erratu eta hasieran beste egutegi bat eman zuten ezagutzera. Azkenean, ordu batzuk geroago, erratu egin zirela onartu eta egutegi zuzena eman zuten ezagutzera.