GARA
DONOSTIA

Tximistek «berebiziko eragina» izan dute aurten baso suteetan

Espainiar Estatuko Mendi Ingeniarien Kolegioko dekanoak, Eduardo Rojasek, aurten baso suteen sorreran tximistek berebiziko eragina izan dutela nabarmendu du. Prebentzioan, nekazaritza indartzean eta mendien kudeaketa hobetzean zentratzea gomendatu du.

Tximista bat Gasteizeko ekaitz batean.
Tximista bat Gasteizeko ekaitz batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Eduardo Rojas espainiar Estatuko Mendi Ingeniarien Kolegioko dekanoak Europa Press agentziarekin izandako elkarrizketan azpimarratu duenez, tximistek eragin bereziki handia izan dute aurten baso suteetan. Nahita piztutakoak baino askoz ere gehiago izan dira ekaitzek eragindakoak.

Euskal Herrian lau kasu behintzat frogatu dira: Melidan gertatu zen tximistek eragindako sute bat, joan den uztailean, eta aurretik, ekainean Nafarroa astindu zuten asteburuan, Leire, Olleta eta Arroitzekoak ere modu berean piztu ziren.

Nahi gabeko jokaerei ere erreparatu die adituak, suteen motibo izan daitezkeelako, eta klima larrialdia gero eta nabarmenagoa den agertoki honetan kudeaketa eta prebentzioa hobetzeko deia egin du.

Klima aldaketak mendian «estres gehiago eta erretzeko aukera gehiago» sortzen dituen arren, erantzuna ezin da izan, adituaren ustez, «erru guztia horri bota eta dena arazo hori konpondu arte atzeratzea, «hainbat hamarkadatako borroka» izanen baita hori, «mundu osokoa».

Horregatik, mendi ingeniarien ordezkariak tokian toki ekitea gomendatu du, epe laburragoan, besteak beste, nekazaritzaren abandonuari aurre egiteko eta mendi eta basoen kudeaketa hobetzeko. Izan ere, «su hartzeko baldintza klimatiko eta orografikoak» ditu Iberiar penintsulak, azaldu duenez.

Basoetan hazten denaren herena mozten da

Rojasek agertu zuenez, gaur egun espainiar Estatuko basoetan hazten denaren herena soilik mozten da. Ebakitako hauek babestuago daude klima larrialditik, biomasa eta kanpoko energiaren hain mendeko ez izateko giltza diren beste material batzuk ematen dituzte, eta CO2aren isurketak gutxitzen dituzte.

Tokian toki har daitekeen beste neurri bat haragiaren ekoizpena estentsiboa izan dadin lan egitea da, berotegi efektuko gas gutxiago isurtzeko eta kalitatea handitzeko. Gainera, barnealdeko populazioa berreskuratuko litzateke horrela eta ur gehiago egonen litzateke erabilgarri, baso dentsitate handiek ur asko kontsumitzen dutelako.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, espainiar Estatuan bertan 162.447 hektarea erre dira aurten suteetan. Copernicus Europako behaketak, berriz, 236.000ra igotzen du zenbakia. Rojasek argitu duenez, sateliteak estimatutako zabalera baino txikiagoa izan ohi da azkenean kaltetutako eremua; hortik diferentzia.

Sute horietako asko ekaitz lehorretako tximistek eragin dituztela erran du adituak. Hauek ohikoagoak dira barrualdean eta mendiguneetan. Jakinarazi duenez, batez beste suteen %5en eragile izaten dira normalean tximistak, baina azalera handiagoak kaltetzen dituzte.

Aurten baso sute handietako batzuk (500 hektarea baino gehiago erre dituztenak) hala sortu dira. Zehaztu duenez, tximistak beti izan dira arrazoi inportanteena mota honetako suteetan Aragoin, Iberiar sistema osoan (Cuenca, Soria, Castello barrualdea) eta Pirinioetan.