Surflari ernegatua

Txanperora itzuli

Mauiko konderriak erabilera bakarreko poliestirenozko taulen salmenta, alokairua eta banaketa debekatu ditu. Ordenantza abuztuaren 9tik dago indarrean; beraz, kostu apaleko «paipoak» hondartza ondoko dendetatik desagertu dira uharte hawaiiarrean.

Gurean, paipo hauek oso merke eros daitezke denda txinatarretan eta saltoki handietan. Hamar euro baino gutxiago balio dute eta turistek soilik opor denboran erabiltzeko erosten dituzte. Kalitate eskaseko xafla hauek poliestirenozko taula bat dute oinarrian eta herrialde asiarretan ekoizten den nylon geruza mehe batekin estaliak daude. Ondorioz, oso hauskorrak dira.

Ozeanoan kalte handiak eragiten ari dira, milaka baitira mundu osoko hondartzetan botata uzten diren paipoak. Gainera, horiek egiteko erabiltzen diren material batzuk ez dira laborategietan probatu eta osagaien artean pintura eta substantzia toxikoak izan ditzakete.

Plastic Free North Devon gobernuz kanpoko erakundearen kalkuluen arabera, orotara 14.500 paipo botatzen dira urtero soilik Ingalaterrako Devoneko kostaldean.

Sarri, Walt Disneyren marrazki bizidunen irudiak edo marrazki koloretsuak izaten dituzte, baina hautsita dagoen plastikozko paipo batek poliestirenozko milaka mikrobola askatzen ditu eta birziklatzeko oso zailak dira.

Aurrera egiteko atzera egin behar dugu. Ez zen halako arazorik egurrezko txanperoak erabiltzen genituenean. Merkeak, bizi osorako, eta erabilera anitzekoak (aparretan, ur azalean, elurretan eta abar). Eta hala ere, egungo kaka pilari “progreso” deitzen diogu.