Arnaitz GORRITI
Elkarrizketa
Juan Mari Lujanbio
Fortuna Kirol Elkarteko patroia

«Aspaldi ez bezalako ilusioa, giroa eta goxotasuna aurkitu ditut beteranoetan»

Fortuna Kirol Elkarteak eraman du 2022ko Beteranoen La Salve Arraun Liga, jokatutako hamaika estropadetatik zortzitan nagusituta. Nolabait esatearren, Juan Mari Lujanbio patroi historikoaren palmaresa osatzeko falta zen titulua izan liteke lortutakoa. Baina, lehiatik haratago, kooperazio giro bereziak erakarri du Juan Mari Lujanbio.

(FORTUNA KIROL ELKARTE | A)

Beteranoen Traineru Liga 45 urtetik gorako arraunlarientzat pentsaturik badago ere berez, jende gaztetxoagoa ere ikus liteke bertan arraunean, baita askoz nagusiagoa ere. Golfean bezala, handicap sistemaren bidez, zenbat eta adinez nagusiago, denbora beherantz egokitzen da. Bestalde, bi luze eta ziaboga bakarreko estropadak jokatzen dituzte, eta gizonek eta emakumeek elkarrekin egiten dute arraun. Horrez gain, talde batek tostaren bat betetzeko badu, beste klub bateko arraunlariek «indartzen dute aurkaria». Ostean, bazkari, afari edo mokaduarekin amaitu eta kito!

Baina ez pentsa beteranoen arraun lehiaketak mailarik ez duenik. Fortuna Kirol Taldeak eraman du aurtengo edizioa, jokatutako hamaika estropadetatik zortzitan gailenduta. Horregatik hartu zituen joan den larunbatean Donostiako Udalak. Taldeko patroia Juan Mari Lujanbio historikoa da, etapa berri bat hasi baitu aurten. 30 urte elitean aritu eta gero, arraunari lotuta jarraitzeko modua aurkitu du horrela. «Aspaldi sentitu gabeko konfiantza eta goxotasuna sentitu ditut», onartu du.

Zorionak!

Dirudiena baino gehiago kosta zaigu, kategoria indarra hartzen ari delako. Taldearen meritua oso handia da. Maiatzaren erdialdetik uztaila amaitu arte jo eta ke ekin diogu eta emaitza ederra atera zaigu, baina gainontzeko hamar traineruek asko exijitu digute.

Nolatan eman duzu pausoa orain beteranoetara?

Beste esperientzia bat bilatzen nuen. Emazteak sugandila bat naizela dio. Zerbait berria bilatzen nuen eta beteranoen ligan aurkitu dut. Bertan, gainera, duela 30 urte ezagututako lagunekin berriro elkartu naiz, lagun berriak egin ditut... Motibazio berri bat izan da eta ikaragarri gozatu dut. Gero, nirekin oso ondo portatu da kluba. Laredon bizi naiz eta entrenatzera nahi beste alditan ezin naiz etorri, baina estropadetara beti joan naiz, taldeak dauzkan beste bi patroiak baino arinagoa naizelako pisuz. Gainera, nire adinagatik, handicap ona daukat. Baina lan zailena, entrenamenduetan taldearen arraunkera osatzea, beste bi patroiek egin dute. Nik estropadetan lan horri ginga jartzen jardun dut.

Motibazio faltak bultzatu zaitu beteranoen bidera?

Urte asko dira arraunaren gorenean. Irabaz litekeen guztia, edo ia guztia, lortu dut. Nolabaiteko lasaitasuna bilatzen nuen. Tripulazio gazte bati zuk nahi duzun moduan arraunean eginaraztea ez da erraza. Denborak aldatzen doaz eta ohitura berriak dituzte arraunlariek, eta niri aste osoko lan hori astuna egiten zitzaidan. Baina Fortunan, aipatutako lasaitasunaz gain, goxotasun berezia ere aurkitu dut.

Bestalde, esan behar dut arraunlari kuadrillak onerako harritu nauela. Beteranoak gara, baina guztiek %100a eman dute. Oso gogor entrenatu dute eta lehiaketan guztia eman dute. Emakumeen denboretatik gertu geratu gara! Eta esan gabe doa bakoitzak bere lana eta betebeharrak dituela.

Beteranoen ligak, bestalde, badu kooperazio zantzu bat: gizonak eta emakumeak batera aritzea, arraunlariak trukatzea, geroko mokaduak...

Aurkitu dudan gauzarik onenetakoa da. Adin askotako jendea dago eta denek entrenatzen dute gogor. Horregatik norbait hamahiru arraunlariko taldetik kanpo lagatzea mingarria da. Hain justu horregatik iruditzat zait ideia bikaina talderen batek ontzia betetzerik ez badu, beste talde bateko arraunlari bat jasotzea. Hala, arraunlariak bere asteko lanaren ordaina jasotzen du eta lehian parte har dezake, eta txapelketako 11 ontziek eta gonbidatuek ere lehiatzeko aukera dute. Estropadaren ostean zerbait hartzen geratzea ere positiboa da. Hainbatekin harremana berreskuratu dut horrela. Beste batzuek kanpotik ikusten zuten arrauna eta orain barrutik bizi dute. Azkenik, gizonak eta emakumeak batera aritzea niretzat oso sorpresa pozgarria izan da. Nire “palmaresari” falta zitzaion gauzetako bat; zer-nolako afizioz eta konpromisoz egiten duten lan ikusi ahal izan dut.

Hurrengo urtean ere Fortunan jarraituko duzu?

Ikusiko dugu. Arrauna ez da soilik Eusko Label Liga, KAE Liga... Arraunean zabiltzanean guztia ematen duzu eta lehiaketak seriotasuna izatea garrantzitsua da. Bestetik, Laredon bizitzeak entrenatzera mugitzea oztopatzen dit. Hala, Pontejos -beteranoen ligako partaidea-, Laredo edo Santoñako taldeak hurbildu zaizkit, baina Fortuna hautatu dut.

Hori bai, kirol egitura baino gehiago, Fortunan aurkitutako giro bikaina eta goxotasuna dira eskertzeko eta azpimarratzeko modukoak. Beti diot kirolari lotuta egongo naizela osasunak uzten didan bitartean. Eta aurten adina disfrutatzen badut, aurrera.