GARA
GOLFA

Ciganda, onenekin lehian gaurtik Cadizen

Carlota Ciganda, Evianeko txapelketan.
Carlota Ciganda, Evianeko txapelketan. (J. Philippe KSIAZEK AFP)

Jessica eta Nelly Korda ahizpa estatubatuarrak -azken hori egungo munduko hirugarren golfari onena eta txapeldun olinpikoa da-, Anna Nordqvist suediarra eta Sophia Popov alemana -AIG Women's British Open txapelketako azken hiru garaileetatik bi-... Mundu mailan dauden golfari onenekin lehian arituko da gaurtik igandera bitartean Europako zirkuituko Aramco Team Series txapelketan Carlota Ciganda golf jokalari nafarra.

Bangkok (Thailandia), Londres (Erresuma Batua), New York (AEB) eta Jedda (Saudi Arabia) bezalako hirietan jokatu eta gero, Sotograndeko (Cadiz) La Reserva klubean ariko dira orain lehiakideak, eta txapelketak formatu berezia izango du: lau kideko taldeetan banatuta arituko dira, eta horietako hiru profesionalak izango dira eta bestea amateurra. 54 zulo izango dituzte aurretik garaipenerako bidean eta zulo bakoitzean puntuazio onena lortzen duten bi taldeak sailkatuko dira. Guztira 500.000 dola-rreko saria egongo da jokoan txapelketan.

Aldi berean, banakako txapelketa ere jokatuko da, eta bertan beste 500.000 dolar egongo dira jokoan. Garailea nor den igandean jakingo da.

Carlota Ciganda nafarrak Amundi Evian Championship txapelketan hiru onenen artean amaituta lortu zuen jokatzeko txartela. Larraintzarreko kirolariak haizeak izango duen garrantzia aipatu du txapelketa abiatu aurretik. Izan ere, haizeak«dezenteko eragina» izaten du Sotogranden. Horrela egiaztatu ahal izan du Cigandak txapelketa jokatu aurretik San Roquen egindako bi saioetan.

TXAPELKETA «ONA».

Larraintzarrekoak lehen aipaturiko jokalariak izendatu ditu faboritoen artean eta Caroline Masson alemaniarra ere sartu du zerrendan. «Europako txapelketa bat izateko, oso ondo dago», azpimarratu du nafarrak.

Bere denboraldiari buruz hitz egiterakoan, onartu du ez dela erregularra izaten ari eta gustatuko litzaiokeela «korte gutxiago» izatea. Hala ere, gogoratu du Amundi Evian Championship txapelketan hirugarren izan zela eta Espainiako Irekian txapeldun. «Nire jokoan iraunkortasuna lortu nahi dut astero goian egon ahal izateko», azpimarratu du Cigandak.