GARA
BILBO

Sarek eta Bilboko Konpartsek manifestaziora deitu dute abuztuaren 26an

Sare eta Bilboko Konpartsen prentsaurrekoa.
Sare eta Bilboko Konpartsen prentsaurrekoa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Beste urte batez, Bilboko konpartsek eta Sarek elkarlanean antolatu dute euskal presoen etxeratzea eskatzeko manifestazioa Aste Nagusian. Abuztuaren 26an, ostiralean, 13.00etan izango da, Plaza Eliptikotik abiatuta eta “Etxera bidea gertu!” lelopean. Hori da jaietako egun handia.

«Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako», adierazi zuten mobilizazioaren berri emateko atzo Arriaga plazan emandako prentsaurrekoan.

Salbuespen neurriak desager daitezen azken bi urteetan pauso garrantzitsuak eman direla adierazi zuten, baina, aldi berean, oraindik bidea egiteko dagoela azpimarratu zuten: «Lehen gradua, isolamendua eta urrutien dauden kartzelak atzean utzi ditugun arren, oraindik 58 preso daude espainiar eta frantziar kartzeletan».

Denak Euskal Herrian egon beharko luketela nabarmendu zuten, «hori baita senide eta lagunen sufrikarioa amaitzeko pausorik garrantzitsuena».

Bestetik, gogorarazi zuten asko direla, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3. graduak ukatzen zaizkien presoak. Bide horretan, dagokiena «oztoporik gabe eta eskaera gehiagoturik gabe» emateko eskatu zuten, «egun indarrean den legedia betez».

«Legez kanpo dauden eskaerak alde batera utzi eta gainontzeko presoei ezartzen zaizkien baldintzak eskatzea aldarrikatu nahi dugu. Baita , pixkanaka, iheslari eta deportatuen kasuak konpontzea ere», gaineratu zuten.

Horregatik, abiatuko dute Bilboko Konpartsek eta Sarek datorren abuztuaren 26an, 13.00etan, Plaza Eliptikotik manifestazioa, eta bertaratzeko deia egin zuten Bilboko jaiez gozatuko duten herritar guztiei: «Jaiak denon artean gozatu, baina eskubideak aldarrikatu!».