EDITORIALA

Zezenketen amaiera gero eta hurbilago

Donostiako zezen-ferian hiru zezenketa baino ez dira izan aurten. Azkenekoan soilik gainditu da Illunbeko zezen-plazako edukieraren erdia. Hori gutxi balitz, zezenketetan hainbat arazo tekniko izan dira, ia erabiltzen ez den eta urteko gainerako hilabeteetan beste erabilera batzuk dituen instalazio horretan. Azkenik, nabarmen-tzekoa da larunbatean Donostian zezenketen aurka egin zen mobilizazio jendetsua. Zezenketen Aurkako Gipuzkoako Plataformak animaliok jasaten dituzten tratu txarrei buruzko bideo bat grabatzea lortu zuen. Irudien gogortasunaren berri ematen du Youtube plataformak bideoa kendu izanak, irudiak eduki bortitz edo esplizituari buruz duen politikarekin bat ez datozela argudiatuta.

Gero eta jende gutxiagok du interesa zezenketetan, nahiz eta estamentu jakin batzuetatik ahalegin handiak egin diren horiek sustatzeko. Arrazoi nagusia gizartea aldatu egin dela da, gizarteak animaliekiko tratu txarrak gero eta gutxiago onartzen dituela; are gutxiago, jai-testuinguru batean gertatzen den doako indarkeria. Euskal Herrian ia desagertu egin dira animaliek parte hartzen duten ikuskizunak, duela ez urte asko ia herri guztietako herriko jaietan toki nabarmena zutenak. Esaterako, Antzara Egunean aspaldi ordezkatu zituzten antzara biziak hildakoekin, eta 2014an gomazkoak erabiltzen hasi ziren. Duela gutxi erabaki zuen Lekeitioko Udalak aurrerantzean plastikozko antzarak soilik erabiltzea. Animalien aurkako tratu txarrak saihestu behar direla gizartean sakon errotu dela erakusten duen beste adibide bat da.

Donostian Eneko Goia alkateak ere ez du ezer jakin nahi zezenketei buruz. Eta erantzukizuna gainetik kentzeko, legezko jarduera pribatua dela adierazi du. Alkatetzako bere lehen urtean, ordea, EH Bilduren gobernuaren edozein lorpen ezabatzeko asmoz, zezenketak itzuli ziren Illunbera, Juan Carlos Borboikoa zeremonia-aitabitxi zela. Haren presentziak ere ez zuen lagundu. Zezenketen aurkako Gipuzkoako koordinakundeak berriki ohar batean adierazi duen bezala, zezenketak gainbeheran daude aspalditik. Azken bultzada bat baino ez da behar lehenbailehen desager daitezen.