GARA
DONOSTIA
LEHORTEAREN GAINEAN, EURIA

Idorraren gainean bota du azkenik, baina alertak aktibatu ditu euriak

Asko ala ezer ez. Hiru astez segidan ezohiko prezipitazio faltak eragindako lehorteari euriak erantzun dio, ur premia une batez behintzat apalduz. Zenbait lekutan erauntsi zakarrak ere izan dira, batez ere Nafarroako iparraldean eta Gipuzkoako ipar-ekialdean. Lesakan, kasu, metro karratuko 200 litro ur metatu ziren asteazkenetik ostegunerako gauean.

Lesakan 200 litro ur metatu ziren atzo metro karratuko.
Lesakan 200 litro ur metatu ziren atzo metro karratuko. (Iñigo URIZ FOKU)

Iritsi da euria Euskal Herrira, asteak iraun dituen ezohiko lehorte baten eta hark eragin dituen askotariko arazoen atzetik: 40 gradutik gorako tenperaturak, Baionako plazak gainberotuta, suteak Zarrakaztelun, Agurainen, Zanbranan. Ur hornikuntzarekin arazoak Busturialdean -atzoko egun euritsuan, hain justu ere, hasi zen “Spirit” itsasontzia Bermeon ur geza porturatzen-, Ortzaizen eta Arrosan, urtegien maila jaitsita. Abeltzainak negurako gordetako belar ondua ematen abereei. Debekuak eta murrizketak: ortuak ureztatzea, autoak garbitzea, kaleko iturriak ixtea, su artifizialak jaurtitzea, Larhungo mazizoa eta Angeluko Pignada eta Lazaret baso urbanoak itxita sute arriskuaren ondorioz... Laranjara eta gero gorrira egin duten alertak, sute eta tenperatura altuengatik.

Baina azkenean iritsi da euria, zakar iritsi ere. Sute eta tenperatura altuengatik piztutako alarmak itzali eta ekaitz eta euriteengatik alertak piztu dira, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean salbu: suteengatik muturreko arriskuko edo arrisku oso altuko alertak mantentzen dira bertan, atzo SOS Nafarroak ohartarazi zuenez. Hortaz, sua eragin dezakeen edozein jarduera saihesteko deia egin zien herritarrei erakundeak.

Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroako iparraldean jo zuen bortitzen euriteak. Lesakak metatu zuen ur gehien asteazkenetik atzo bitarteko gauean, 200 litro baino gehiago metro karratuko, eta 100 litrotik gora metatu ziren inguruko zenbait lekutan, Endaran (180 litro metro karratuko), Irunen (131), Hondarribian (128) eta Arditurrin (115), adibidez.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan alerta laranja aktibatu zen atzo goizean, eurite handiak eta uholde-arriskua zirela eta. Alerta maila jaitsi egin zen arratsaldean, arrisku-maila horira, eta, ordu batzuen buruan, desaktibatu egin zen, Gipuzkoako ekialdean salbu. Abisu horia mantendu zen bertan.

Jaizubiako (Bidasoa ibaiaren arroa) estazioan metatutako urak kota gorria gainditu zuen 04.00ak inguruan, horira jaitsi zen gero eta, arratsaldean, azkenik, berdera.

Alderantziz izan zen Nafarroa iparraldean. Euriteengatik abisu horian hasi zuen eguna lurraldeak eta laranjara egin zuen arratsaldean.

Modu berean, uholde arriskuengatik zaintza meteorologikoko alerta laranja aktibo egon zen atzo Ipar Euskal Herrian, non herenegun eta atzo artean prezipitazio handiak izan baitziren, 50 eta 70 milimetro bitartekoak. Hala eman zuen jakitera Pirinio Atlantikoetako Prefeturak.

Gainera, Bidasoaren iparraldean, prezipitazioak 130 milimetrokoak izan daitezkeela ohartarazi zuen Prefeturak. Zifra altua da, kontuan izanda, Biarritzen, abenduan, batezbestekoa 150 milimetrokoa dela. Atzo, 12 orduan, 65 litro erregistratu ziren metro karratuko Kanbon eta, Zokoan, 53.

24 orduan 142 litro metro koadroko Goizuetan

Goizuetan kokatutako Eskaseko meteorologia-estazioak 142 litro erregistratu zituen metro koadro bakoitzeko asteazkeneko arratsaldetik atzoko arratsaldera bitartean, 24 orduko epean. Behobiako (Irun) estazioak, halaber, 112 litro erregistratu zituen. Atzo, eguerdirako, metro koadroko 100 litroko muga gainditua zen Irunen.

Bestalde, ordu batean erregistratutako gehienezko prezipitazioari dagokionez, atzo goizaldean Miramonen (Donostia) jasotako datuak nabarmendu ziren: 18,3 litro metro karratuko. 16,8 litro erregistratu ziren Oiartzunen.

Bainua eragotzita Lapurdin

Eurite bortitzek hondartzei ere eragiten diete. Eta atzokoan, lehen aldiz, Lapurdiko hareatza guztiek bandera morea jarri zuten, uraren kalitate txarragatik bainatzea debekatuta dagoela ohartarazten duena. Atzo gaueko euriteen ondorio zuzena izan zen debekua.

Ekaitz edo eurite bortitzen ostean aldiro errepikatzen da egoera, hondartzetako arazketa sistemek ez baitute beren egitekoa betetzen. Normalean, kutsaduragatiko alerta hondartza batzuetara mugatzen da, eta arrazoi horregatik sarritan ixten diren hondartzen artean Zokoa nabarmendu daiteke.

Hala ere, atzo, eguerdiaz geroztik, Lapurdiko itsasertz osoko 34 hondartzetan eta baita Senpereko lakuan ere, kutsadura baktereologikoa dela eta bainua debekatu zen.