Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Lagunartean

Uda garaia opor garaia izan ohi da. Nora jo, zer egin, nola pasa lanik gabeko egunak, aurretik antolatua edo inprobisatua izan gutxienekoa da; garrantzitsuena norabait joatea da, antzarak ferratzera besterik ez bada ere, lagun batek zioen gisan. Kanpina aukera bat da. Baina hemen ere garaiak aldatu dira; izan ere, kanpin dendak baino, bungalowak nagusitu dira aspaldian. Txabolen bertsio modernook, bungalowek, etxean izan ditzakegun antzeko erosotasunak izango dituzte. Eta agian garrantzitsuena terraza izango da. Opor terraza hauek kanpoan otorduak egiteko ez ezik, aukera ematen dute ere lagunak hartzeko, elkarrekin bazkaltzeko edo zerbezak partekatzeko. Lagunak kanpinean bertan egindakoak izango dira, askotan herri berekoak. Horrek aukera ematen du, herriko egunerokotasunetik at, bestelako harremanak egiteko. Opor harremanak. Lagunarteko elkartze horietan askotan garrantzi gutxi ematen zaie sortzen diren hizketaldiei. Hizketaldi horiek gaiez gai jauzi egingo dute, itxuraz inongo antolamendurik gabe. Baina halako batean, norbaitek pasadizo bat kontatuko du, norbaiti gertatutakoa, edo herrian jazotakoa. Eta gero beste batek, horren jarraipena edo beste bat kontatuko du. «Hau aspaldian gertatu zen, ez dut gogoan noiz, baina aspaldian. Ezagutuko duzue…». Eta guztion arreta erakarriko du. Lagunartean, opor garaian, zerbeza batzuen bueltan, zenbat istorio ez ote diren kontatzen. Garai zehaztugabean harako hari gertatutakoak. Ahozkotasuna guztion ahotan dago.