Marcel PENA
BILBO

«Erasoak eraso» aurrera jarraituko duela ohartarazi du mugimendu feministak

Irainak, listukadak, bultzadak... jasan behar izan zituzten Bilboko manifestazio feministan parte hartu zutenek. Bada, erasoen aurrean erantzun egingo duela ohartarazi du Mugimendu Feministak.

Bilboko Arriaga plazan atzo egindako agerraldi feminista.
Bilboko Arriaga plazan atzo egindako agerraldi feminista. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan den larunbatean jasandako erasoen harira, Bilboko mugimendu feminista espazio seguruak aldarrikatzeko eta edozein erasoren aurrean «autodefentsa feministaz» erantzungo duela ohartarazteko agertu zen jendaurrean.

Bakoitzaren konpartsaren kamisetaz jantzita, ehunka emakume bildu ziren Bilboko Arriaga plazan, mugimendu feministaren deialdiari erantzunez. Bozeramaileek komunikatu bat irakurri zuten eta bertan larunbatean bizi izan behar zuten egoera jakinarazi zuten. «Bertan geunden emakumeek erasoak jasan genituen ibilbide osoan zehar: irainak, baboseoa, ukabilkadak, txistua bota, edaria aurpegira bota, bultzadak, jarrera oldarkorra, etengabeko agresibitatea...», gogoratu zuten. Bilboko Aste Nagusiko lehen gauean eta “¡Temblad cabrones! Beldurrak gurekin jai” lelopean, mugimendu feministak manifestazio bat egin zuen txosnagunetik zehar «kalea hartu, espazioak gureganatu eta erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugula ozen esateko». Beltzez jantzita, emakumeak txosnagunea zeharkatzen saiatu ziren, baina, adierazi zutenez, «lepo zegoen eta manifestazioari tokia egitea oso zaila izan zen». Momentu horretan gertatu ziren aipatutako erasoak. Besteak beste, manifestazioaren egunean feministek salatu zuten Moskotarrak konpartsaren txosnan txistua bota zietela, konpartsak berak gogor salatu duen jarrera. «Moskatarrak konpartsatik gaitzetsi egin nahi ditugu manifestazio feminista gure txosnaren aurretik igaro zenean egondako erasoak. Erasorik eta bereizkeriarik gabeko Aste Nagusi baten alde egiten dugu», adierazi zuten astelehenean sare sozialetan.

«Ehun eraso jasan bagenituen, ehun eta bat erantzun eman genituen; elkarrekin, elkar zainduz eta gogor erantzuten aurrera egitea lortu genuen mobilizazioa bukatzea lortuz. Aurrera egiten genuen metro bakoitza garaipen bat izan zen. Erasoak eraso, gure aldarrikapenekin aurrera egin genuen, autodefentsaz baliatu ginen eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu», nabarmendu zuten mugimendu feministako kideek.

Ildo horretan, onartu zuten «molestatzera» eta «haiek deseroso sentitzeko» atera zirela, emakumeak parrandan irtetean deseroso eta erasoen beldur sentitzen diren bezala: «Nazkatuta gaude gu deseroso sentitzeaz, erasoak guk jasateaz, jaiez ezin disfrutatzeaz... Hamar minutuz parranda zapuztu bagenizun, pozten gara! Eta argi izan molestatzen jarraituko dugula».