Asier ROBLES
BILBO

Independentziaren aldarria lehen lerroan Bizkaiko Gazte Egunean

Bizkaiko Gazte Eguna, Kaskagorrin.
Bizkaiko Gazte Eguna, Kaskagorrin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bizkaiko gazte independentistek biltzeko aukera izan zuten atzo Ernai antolakundeak Bilboko Aste Nagusiaren harira antolatutako Bizkaiko Gazte Egunean. Ernairen III. Kongresuaren osteko testuinguruan, gazte independentistak bildu eta kongresuko tesi nagusiak sozializatzeko hitzordua izan zen, baita nazio pultsua belaunaldi berri baten borrokarekin berrindartzekoa ere, betiere, gazte batasuna oinarri hartuta eta bizi baldintza eta bizi ereduen zein zapalkuntza ororen aurkako gazte frontea eraikitzeko deia egiteko. Independentziaren aldarrikapena lehen lerroan kokatzeko hitzordua ere izan zen.

Hiru urte eta gero, Bizkaiko gazte independentisten hitzordua 12.30ean abiatu zen, Kaskagorri gazte konpartsaren txosnan egindako harrerarekin. Ondoren, marianito pintxada egon zen. Errondabide Kultur Elkartetik hasita, Bilboko Alde Zaharreko hainbat kale eta tabernetatik igaro ziren gazteak giroa musikarekin alaitzen. 15.00ak pasata hasi zen bazkaria Kaskagorrin. Guztira 300 gazte baino gehiago bildu ziren. Txan Magoak girotu zuen bazkalostea.

Indarrak hartu ondoren, Gotx elektrotxarangarekin laguntzarekin txosnaguneko giroa pizten aritu ziren gazteak. 21.00etan, berriz, ekitaldi nagusia izan zen eta 23.30etik aurrera Madmuasel eta Marina Gris igo ziren Kaskagorriko oholtzara gaua biribiltzeko. Festak, noski, goizeko ordu txikietara arte jarraitu zuen.

Burujabetza eta boterea eskuratzearen «beharra»

«Gazte frontearen erreia da gure apustu politikorik nagusiena ziklo honetan, baina ez ditugu ahazten herri gisa ditugun erronkak, gazteok ere gure egiten ditugunak. Horregatik, Euskal Herriaren nazio pultsua indartzeko apustua egiten dugu», adierazi zuten Ernaiko kideek hitzartzean.

Euskal Herria «ukatua eta zapaldua» dela gogoratu eta egoera hori iraultzeko apustua berretsi zuten: «Ezkerreko abertzaletasuna eta independentismoa gazteen artean eraikitzera goaz, Euskal Herria eraikitzeko bidea delako, bizi baldintza duinak herri duin batean eskuratzeko, burujabetza osoa eta eremu guztietan lortzeko, eta herri honen askapenak dakarrelako gizarte berri bat eraikitzeko aukera».

Hortik tiraka, argi utzi nahi izan zuten «Euskal Herrian sozialismoa, feminismoa edota euskararen biziraupena, besteak beste, Euskal Estatuaren erdiespenarekin lotuta ulertzen ditugula. Horregatik, inoiz baino argiago, burujabetza eta boterea eskuratzea izan behar da gure apustua, eraldaketaren gakoa».

«Berdin ulertzen ditugu ekologismoa edo transmaribibollo borroka. Borroka eraldatzaileetatik ikasi, gure proiektua aberastu eta zapalkuntza guztiak gaindituko dituen mundua eraikitzera goaz, Euskal Herria eraikitzera goaz».