GARA
DONOSTIA

Aste honetako lan-istripuen kontra protesta egin dute sindikatuek

Hainbat sindikatuk elkarretaratzea egin zuten Amenabar eraikuntza enpresaren egoitzaren parean, enpresa hori baita astelehenean langile bat hil zen Markina-Xemeingo harrobiaren jabea. Draxton-Fuchosako lan-istripua larria gaitzesteko ere bildu ziren Atxondon.

Amenabar taldearen egoitzaren parean elkartu ziren sindikatuak.
Amenabar taldearen egoitzaren parean elkartu ziren sindikatuak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Donostian bildu ziren atzo, “Lan istripu gehiago ez, prekaritatea hiltzailea” lelopean, joan den asteleheneneko lan-istripu hilgarria salatzeko.

Astelehenean 34 urteko langile bat hil zen Markina-Xemeingo Lekoitz harrobian harri handi batek harrapatuta, eta sindikatuek Donostian egin zuten elkarretaratzea atzo, Amenabar Construcciones enpresaren egoitzaren parean, bera baita Markinako harrobiaren jabea.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk deitoratu zutenez, «Euskal Herrian, gutxienez, 52 langile hil dira aurten, horietatik bost abuztuan» eta ohartarazi zuten «5 egunetik behin» langile bat hil dela.

Horrela, salatu zuten patronalak ez dituela betetzen laneko osasun neurriak: «Amenabar taldeak azken urteotan metatu dituen lan-istripu eta heriotzen zerrenda beltza ikusi besterik ez dago».

Ildo horretatik, esan zuten ohituta daudela paperean idatzitako prebentzio neurriak ikustera; aldiz, «gero ez dira errealitatera eramaten, ez dira praktikan jartzen», eta langileek «zailtasunak dituzte, prekaritatean oinarritutako lan harremanak direla eta, segurtasun neurriak eskatzeko».

Sindikatuen iritziz, «bizi dugun larrialdi-egoerak berehalako neurriak eskatzen ditu». «Ezin dugu ulertu nola ez den entzun Eusko Jaurlaritzako ordezkarien adierazpen bakar bat ere gai honen inguruan. Bost egunean behin langile bat hiltzen da. Non dago Urkullu jauna? Zer ari da egiten Idoia Mendia?», galdetu zuten.

Ildo horretan, azpimarratu zuten Lakuako Gobernuaren erantzukizuna dela «lan-osasuneko neurriak betearaztea, baina, egia esan, araudi hori ez da betetzen».

Bi istripu aste honetan

Markinako harrobikoarekin batera, beste lan-istripu baten kontra ere mobilizatu ziren atzo sindikatuak. Asteartean izan zen ezbeharra, Draxton-Fuchosaren Atxondoko instalazioetan, eta langile-batzordeak deituta, han egin zuten elkarretaratzea atzo eguerdian.

ELAk argitu zuenez, istripu larria izan zuen langile batek, eta anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera, larri. Ez da langilearen egoeraren berri gehiago zabaldu.