Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Baginak

Bagina odoldua, hilerokoaren marka; espekuluaren atzean dagoenaren begiradapean (ginekologoa, artista, ikuslea) horzdun gurpilez osaturik dirudien bagina; plazenta agerian duen bagina, norbait erditu den seinale; zoruan odol arrastoak utzitako bagina, arriskuan den haurdunaldiaren lekukotza…

Koadroetan azaltzen diren irudiak egunerokoaren parte dira, baginak ditugunontzat behintzat, eta, hala ere, haiei begiratuta halako ezinegon bat sortu didate. Hasieran pentsatu dut nire erreakzioak ez duela odolaren presentziak eragiten didan urduritasunarekin zerikusirik, baina, akaso, badu, erreakzio psikosomatiko bat delako azken batean: odolaren presentziak ez du gaixotasuna edo larrialdia adierazten beti, baina hala balitz bezala ulertzen da. Edo nazka eragiten du, hilerokoarekin gertatu ohi den bezala, eta horregatik ezkutatu egin behar da. Zenbat aldiz ez ote dudan entzun hilerokoarekin dauden emakumeei usain txarra dariela? Eta horixe da, hain zuzen, koadroek azaleratzen dutena: baginaren eta baginarekin loturiko jardueren gainean gizartean erroturik dauden usteak. Bagina giza gorputzeko organorik patologizatuena da, zalantzarik gabe: populazioaren erdia (herrialdearen arabera erdia baino gehiago izan daiteke) baginaduna izan arren, baginarekin zerikusia duen guztia anomalia moduan ulertzen da eta ondorioz mediku arreta berezia behar du. Okerrena da bagina duten/dugun askok uste horiek barneratu dituztela/ditugula, gorputzeko atal horrekiko harreman paranoikoa garatzeraino.