Maddi TXINTXURRETA
TXOSNAGUNEAN

Gipuzkoar bat aho zabalik Bilboko txosnetan barrena

Aho zabalik ibiliko du gipuzkoarrak Bilboko Areatza luze-zabala, konpartsen txosnen tamainagatik zur eta xehetasunengatik lur; komiki tira bateko protagonista sentituko da. Umorea eta kritika dute ezaugarri Bizkaiko hiriburuko konpartsek, baita auzolan ikaragarria ere, nahiz eta denetarik dagoen 28 konpartsen artean.

Lehenengo orrian, Hontzak konpartsa, aurtengo Kanpaia sariaren irabazlea. Orri honetan, Bilboko Areatzan aurki daitezkeen txosna desberdinen bilduma txiki bat: Kranba, Hau Pittu Hau!, Kaskagorri  eta Askapeña.
Lehenengo orrian, Hontzak konpartsa, aurtengo Kanpaia sariaren irabazlea. Orri honetan, Bilboko Areatzan aurki daitezkeen txosna desberdinen bilduma txiki bat: Kranba, Hau Pittu Hau!, Kaskagorri eta Askapeña. (Aritz LOIOLA FOKU)

Bilbokoa ez den norbait, areago gipuzkoarra bada, txosnak ikusten dituenean harritzen duen lehenengo gauza haien tamaina handia eta kopurua da, muntaketa lan horrek guztiak eskatzen duen ahalegina eta auzolana. «Zenbat jende egongo da honen atzean?», pentsatuko du. Bigarrena, bilbotarren umorea. Aste Nagusian Areatzatik paseatzea komiki tira batean sartzea bezalakoa da. Konpartsa bakoitzeko bineta bat, satira, ironia eta aldarrikapenez josia.

Zergatik ez onenetik hasi? Objektiboki esanda, lehenengo konpartsa honek jaso baitu 2022ko Aste Nagusiko txosna onenaren Kanpaia saria. Hontzak konpartsak, nola ez, kritika eta umorea erabili ditu astebetez bere aterpea den karpa apaintzeko. Aurtengoan, jeltzaleak izan ditu jomugan. “Jaungoikoa eta Lagi Zarra Money Making Machine”, irakur daiteke panel batean eta, ondoan, EAJren logotipoak nonahi ikus daitezke, entxufe pila bat dituen instalazio bat ere bai, “Basque Jeltzale Entxufe Energy System” izenpetu dutena. Han dira, konektatuta, EiTB, Kutxabank, Euskaltel, Petronor eta bestelako sozioak.

Saltsa bila zubia gurutzatu eta Gogorregi konpartsa ikusi nahi duenak, ez du saltsarik topatuko, igual gazgabea egingo zaio. Ikurrinak, Ukrainako bandera eta “I am basque” handi-handi, euskara modernoan.

Hobe Areatzan segitzea eta, horrela, Hontzak konpartsaren ondoan aurkituko du paseariak purpurinaren erresuma, Raffaella Carra bozgorailuetan preso eta paretan pop art ukituak dituen konpartsa: festa fantastiko-fantastikoa eskaintzen duen txosna. Arrosa eta sutsua da Pinpilinpauxa, beti bezala bogan, animal print ukituekin aurtengoan.

Satorrak circus-en alde batean, konpartsa mitiko bat ageri zaio gipuzkoar aho zabalari -harriduraz, eta ez asperduraz, aho zabalik-, Hau Pittu Hau! Mundu etsi bat erakusten du konpartsaren euskal errepublikak, NATO, Iberdrola edo Gamesak zartatua, baina ez hargatik festarako gogorik gabea. «Gorputz disidenteetan, hizkuntza disidenteak!», oihukatzen dute paretek. Beste aldean apustu etxeen inguruan mintzatzen da Trikimailu, zelatariari galdezka: «zer fitxa arriskatuko duzu gaur? Familiarena, lagunena, osasunarena ala lanarena?».

Bizizaleak, Sinkuartel eta Mekauen konpartsek osatzen dute hirukia. Eguzkitsu ageri da lehena energia nuklearraren aurka, edukazio oneko, «ez, eskerrik asko» esanez. Estatu espainiarreko Defentsa aurrekontua salatzen du bigarrenak: «40.000 milioi euro baino gehiago gerrarako». Eta Mekauenek dantzara deitzen du internazionalismoa bultzatzeko. Aurreskua Argentinan eta chacarera Euskal Herrian, agian. Atzerago daude Kranba eta Piztiak, San Nikolas eliza bizkarrean dutela, bata bizitza gozatzeko aholkuz beteta, rokodromo eta guzti, Marijaiari bostekoa emateko adinako alturakoa; bestea, berriz, lehoi-ukabila borrokarako prest duela, zezenketen kontrako «muuuural» ikusgarriarekin.

Irrintzi, eulia sariaren merezidun

Denetarik dago Bilboko Areatzan, noski, eta dena ez da aldarrikapena, eskubideak, ekologismoa, internazionalismoa, euskara ala politika. Irrintziko karpa zuri-gorria dago, eta horrek nolabaiteko galbana eragingo die futbolzale ez direnei, eta amorru apur bat realzale probintzianoei. Nahiz eta, agian, ezkutuko estrategia bat den Aste Nagusian giputzik gabeko eremu bat sortzeko, eskala handian idatzitako topiko batek iradokitzen badu ere denok itsasontzi berean nabigatzen dugula -«ez naiz perfektua, baina euskalduna naiz, eta hori gauza bera da»-. Agian arrazoi horiengatik, edo zerikusirik ez duten beste batzuengatik, txosna horrek jaso du aurten Eulia saria, konpartsa itsusienari dagokiona.

Ohartarazpen bat soilik Bilboko konpartsen ibilbidea egin nahi duen gipuzkoarrari: ez hartu txosna bakoitzean trago bat, 28 dira eta! Ala Bilboko txosnetan igeri egiten ikasi!