Etxebizitza: lehenengo erabaki garrantzitsuen urtea Iparraldean
Azkenengo hilabeteak biziki intentsuak izaten ari dira Ipar Euskal Herria astintzen duen etxebizitzaren espekulazioaren arazoari loturik. Lehenengo erabaki politiko eta instituzionalak hartu dira, baina datozen garaiotan gehiago eta sakonagoak espero dituzte mobilizazioa azkartu duten eragile soziopolitikoek.

Iazko urteak lurraren eta etxebizitzaren inguruko borrokaren berpiztea ekarri zuen Ipar Euskal Herrian. Etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna gizartearen gehiengoari eragiten dion arazo larria izanik, herri mobilizazioa bizkortzen joan zen. Azaroaren 20an Baionan iragan zen manifestazio jendetsua horren lekuko argiena da.
Geroztik, herri eragileen bultzadari eta hautetsi anitzen engaiamenduari esker, espekulazioari aurre egiteko erabaki garrantzitsuak hartu izan dira, urrundik ere aski ez direnak, baina norabide bat markatzen dutenak. Aitzinean diren desafioak handiak direla ikusirik, Ipar Euskal Herrian «fronte» bat artikulatzen ari dela erran daiteke.
ALOKAIRUAK KONTROLATZEKO LEGE EGOKITZAPENA
Lehenengo neurrietako bat frantziar Legebiltzarrean hartu zuten joan den otsailean. Diferentziazio, deszentralizazio eta sinplifikazio 3DS legearen barruan, diputatuek erreforma baten alde egin zuten, gisa horretan herriko etxeei posibilitatea emanez alokairuen prezioaren mugapena errespetatzen ez duten jabeak kontrolatu eta zigortu ahal izateko. Arau hori soilik tentsio eremuan diren udalerrietan aplika daiteke; alegia, Ipar Euskal Herriaren kasuan, bereziki kostaldearen inguruan kokatzen diren 24 hiri eta herritan. Hala ere, eskaera egiten duten beste udalerrietan ere aplikatzea erabaki dezake Prefeturak.
Hain zuzen, gaur-gaurkoz gurean ez da indarrean legea. Halakorik gertatzeko, Euskal Elkargoak Pirinio Atlantikoetako Prefeturari eskaera luzatu behar dio eta bi urteko epean, azterketa bat egin beharko litzateke herriz herrikako prezioak finkatzeko. Beraz, 2024ra arte bederen ez da indarrean sartuko.
PREFETURAREN MUGIMENDUAK
Justuki, Eric Spitz buru duen Estatuaren egitura administratiboak azken hilabeteetan etxebizitzaren arazoari aurre egiteko ekimena hartu nahi izan du. Ez dira gutxi izan Euskal Herrira gaiari loturik egindako bisitak. Jadaneko otsailaren hastapenean Ziburun izan zen etxebizitza sozial batzuen eraikuntza aurkezteko eta bereziki tokiko batzorde estrategiko baten sorrera iragartzeko, zeina otsailaren 17an bildu baitzen lehenengoz Baionan.
Prefeturak harremanak biderkatu ditu, kasu batzuetan bere ekimenez, baina baita Euskal Herriko dinamikaren eraginez ere. Erraterako, Alda mugimenduarekin bildu zen ekainean, eta aste honetan bertan, prefetak alokairuen iruzurrei aurre egiteko batzordea osatuko duela iragarri du. Uztailean, berriz, EH Bairekin egin zuen bilkura, Bruno Le Maire Ekonomia ministroaren kabineteko ordezkari bat ere han zela, Senperen ministroaren bigarren etxebizitza okupatu ondotik.
EUSKAL ELKARGOAREN ERABAKITASUNA
Etxebizitzaren arazoari aurre egin eta bereziki bigarren bizitegien erabilera turistiko neurrigabea arautzeko, Euskal Elkargoak erabaki garrantzitsua hartu zuen martxoaren 5ean. Konpentsazio neurria deiturikoarekin, hautetsien %95,48k turismoari begirako epe laburreko alokairuen hedapena etetea helburu duen arauaren alde egin zuten, bide batez urte osoko etxebizitzak sustatzeko xedez. Erabakiak 11.000 etxebizitzari eragingo lieke, 24 herri hartzen dituen tentsio gune horretan.
Alta, ekainaren 1ean indarrean sartu behar zen araua ezeztatu zuen Paueko Auzitegi Administratiboak bi egun berantago, 20 bat enpresak eta 50 bat jabek maiatzaren 3an neurriari helegitea ezarri ondotik.
Egoera horren aitzinean, Euskal Elkargoak frantziar Estatu Kontseilura jo zuen, baina erantzuna sobera luzatu daitekeela ikusirik, joan den uztailaren 9an Kontseilu Orokorrean bildurik, hautetsien %98k indargabetua izan zen neurriari zehaztapenak egin zizkioten, berriz ere etxebizitza turistikoei buruzko araudia erabakiz. Heldu den urteko martxoaren 1ean sartuko da indarrean.
AIRBNB BEZALAKO PLATAFORMEN JARDUERAREN ERREGULATZEA
Bigarren etxebizitzak, bizitegien prezioen emendatzea eta alokairu turistikoen kontrol eza egiazko arazo bilakatu dira. Bereziki Aldak bere ekimenaren jo puntuan ezarri zituen Airbnb bezalako plataformak, alokairu turistikoen iruzurra eta zigorgabetasuna salatzeko. Iazko irailean Biarritzen etxebizitza batean instalatu ziren erregistro zenbakia ez zelako argitaratu eta geroztik dinamika azkarra eraman du mugimenduak.
Dinamika horri esker, Airbnb plataformak neurriak hartu behar izan ditu eta zenbait hiri eta herritan alokatzaileek beren etxeetako epe laburreko alokairurik ezingo dute egin, beren iragarkian erregistro zenbakia ageri ez bada. Hori da Biarritz, Angelu, Baiona, Getaria, Bidarte, Ziburu, Donibane Lohizune eta Hendaiako kasua.
HAUTESKUNDEETAN, GAIA ERDIGUNEAN
Tentsio egoera horretan iritsi ziren frantziar presidentetzarako hauteskundeak apirilean eta Parisko Legebiltzarrerako bozkak ekainean. Azken horietan, Euskal Herria ordezkatzeko diputatu izan nahi zuten hautagai guzien eztabaidaren lehen lerroan izan zen etxebizitzaren gaia. Iñaki Echaniz (Nupes), Vincent Bru (Ensemble) eta Florence Lasserre (Ensemble) diputatu hautatuek ondoko hilabete eta urteetan lana gogotik egin beharko dute Euskal Herrian etxebizitzaren arazoari aterabideak emateko egiten ari diren urratsen norabidean.
PLATAFORMA ZABALAREN SORRERA
Guziarekin, agintari, hautetsi, instituzio eta bestelako egituren erabakietan herri mobilizazioak sekulako eragina izan du. Bukaezina litzateke hilabeteotan higiezin, apartamentu eta egitura publikoetan egin diren ekintzak zerrendatzea. Halere, azaroko manifestazio handiaren ondotik, 30 eragile sozial, sindikal eta politiko gehiagok Herrian Bizi-Se Loger au Pays plataforma eratu zuten ekainaren 4an Hiriburun.
Berrogei kideko gidaritza batzordea osatu dute eta mobilizazioa azkartzea izanen dute xede nagusietariko bat. Jadaneko «masiboa» izan nahi duen hitzordu berri bat eman dute: 2023ko apirilaren 1ean manifestazioa iraganen da Baionako karriketan.
Azken hilabeteetan urrats garrantzitsu batzuk egin badira ere, etxebizitzaren inguruan den espekulazioa arazo larria da Ipar Euskal Herrian. Horregatik, aktore guziek, bakoitzak bere rolari segika, neurri eraginkorragoak bultzatu eta gauzatu beharko dituzte ondoko hilabeteetan.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
