«Bidegurutzea» performancea, Melilla eta Hendaia arteko ibilbidea irudikatuz
Atzo eguerdian jarri zuen abian bere performancea Imanol Espinazo artistak, Hendaia eta Irun lotzen dituen Etorbidearen zubian. Polizia frantsesak jarritako hesien gainetik, 9.812 aldiz ibiliko du zubiaren luzera, Melillatik Euskal Herrira datozen etorkinek egiten duten mila kilometrotik gorako ibilbide zaila irudikatzeko.

Atzo eguerdian hitzordua emana zuen Imanol Espinazo artistak Santiagoko mugan dagoen oinezkoentzako zubian. Europar funtsekin eraberritutako Etorbidearen zubia itxita dago aspalditik. Frantses Poliziak hesiak ezarri zituenetik, pandemiaren garaian, zehazki. Mugek egiten duten kaltea salatzea du xede, hain zuzen, “Bidegurutzea” performanceak. Hala, Melillatik Hendaiara datozen migratzaileek pairatzen duten sufrimendua agerian jarri nahi du Espinazok.
Eguerditik hasita, frantses Poliziak gau eta egun zelatatzen duen mugan, 112 metroko luzera duen zubian aurrera eta atzera ibili zen Espinazo. Beltzez jantzita eta isil-isilik oinez ibiltzea zuen asmo, astebete iraun beharko lukeen ekimena amaitu arte. Melilla eta Hendaia arteko distantzia -1.099 kilometro- egitean finkatu du erronka.
Herritarrei parte hartzeko deia
Urrats bat bestearen atzetik, artista irekia behar lukeen zubiaz jabetu zen, eta bere asmoa da bertan irautea, baita gauean zehar ere. Herritarrei gonbidapena luzatu zien artistak berarekin batera ibiltzera bertaratzeko. Egindako urrats bakoitzak kontatzen duenez, gero eta herritar gehiago izan martxan, gero eta fiteago lortuko da 1.099 kilometro edo 9.812 joan-etorri horiek egitea. Atzokoan, herritar ugari bertaratu ziren Etorbidearen zubira eta artistarekin batera ibili ziren oinez.
Behin performancea abiatuta, migratzaileekiko elkartasunean jarduten duten elkarteek deia luzatu dute zubira bertaratzeko, artistari sostengua eman eta zubian joan-jin batzuk egiteko.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
