Xarmagarria
Urteak bete eta botilak hustu, adin jakin batean hori egin behar zela erraten zigun amonak. Oroitzen dut botilak ez zirela urezkoak, baina artean galtzamotzetan genbiltzan, eta orain gustuko duguna, goragalez begiratzen genuen orduan.
Denbora zer den! Orain urteak betetzen ditut eta ametsak hustu, ohartzen naiz geroz eta gutxiago falta zaizkidala betetzeko gainera, edo ezinezkoa dela amets horiek gauzatzea. Ez da erdikorik. Txikitan, halere, ez zen irrigarria urteak udan betetzea, pleñi ginen urtaro horretan sortuak ikastolako lagunen «zorionak» kantua entzuten ez genuelako, eta goxokiak berdin-berdin eskatzen zizkiguten kurtsoaren hastapenean.
Urteekin, halere, ikasi dut gozatua hartzen lehorraldiaren hilabetean sortzeagatik, bat gehiago ala bat gutxiago izan behar den begiratu gabe. «Personne n’est jeune après quarante ans mais on peut être irrésistible à tout âge» erran zuen Coco Chanelek, abuztuan sortua hura ere. Eta irrésistible nola itzuli behar dudan begiratu dudanean, “xarmagarriaz” gain “jasanezina” adiera ere aipa nezakeela ohartu naiz; beraz, nahiago Loirerrian sortu zen modista handiaren esaldiari buelta eman eta gaztetasunari heldu, hori ez baitute urteek erabakitzen, baizik zuk. Eta Houellebecqi leitu nionetik «gazteria bakarrik errespetatzen duen munduan, izakiak pixkanaka irentsi egiten dira», argi ukan dut ez zaiela besteei utzi behar erabakitzen gazte-zahar dikotomia, bestela «les êtres sont peu à peu dévorés» horretan izango naizelako. Gaztea baita bizitza.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
