Labordetari buruzko dokumentalaren lehen sekuentziak
«Labordeta, un hombre sin más» irailaren 23an iritsiko da zinema-aretoetara. Dokumentalak kantautore, poeta, irakasle eta politikari zintzoa zenaren irudia aztertzen du.

Olerkaria, kantautorea, idazlea, komunikatzailea, irakaslea eta politikaria izan zen Jose Antonio Labordeta (Zaragoza, 1935-2010). Estatu espainolean dauden desberdintasun sozial handiak beti oso kontuan izan zituen egilea izan zen. Labordetaren alaba Paulak eta Gaizka Urresti zuzendariak sinatu dute datorren irailaren 23an estreinatuko den dokumental luzea.
Paula Labordetak idatzi du gidoia eta, ondoren, Gaizka Urresti euskal zuzendari eta ekoizlearekin batera zuzendu du; azken honek Goya saria irabazi zuen 2013. urtean, “Abstenerse” film laburragatik. Honela laburbildu dute egileek dokumental honen muina: «Labordetaren bizitza, grinak, beldurrak, ametsak eta bandera hautsi guztiak ezagutzeko bidaia izango da. Utzi zigun ondarea errepasatzen du. Denboraren poderioz hazi egin den ondarea da berea; izan ere, gaur egun bizirik dauden balioak eta borrokak irudikatzen ditu nolabait. Eta borroka horiek ahots baten behar dute, Labordetaren ahotsa, balio hauek pasioz, irmo eta egiazki gogorarazi dizkigulako».
Dokumentalak gogora ekartzen du kantautore gisa utzi zuen ondarea; esaterako, “Canto a la libertad” lanaren sinbolismoa aztertuz. “Un país en la mochila” telesail ikonikoa ere agertzen da eta, nola ez, Kongresuan egin zuen lana.
Labordetaren unibertsoarekiko hurbilketa hau bere familiako hiru belaunaldiren begiradatik abiatzen da, eta protagonistaren beraren gogoeten bidezidorrari jarraitzen dio. Izan ere, bera narratzaile aktiboa da, hain zuzen, hamarkada luze batez idatzi zuen egunkariaren bidez. Emazteak aurkitu zuen hori, dokumentala filmatzen hasi zirenean.
Argitaratu diren lehen sekuentzien artean, Francisco Alvarez-Cascos orduko Aznarren Gobernuko ministroarekin Kongresuan izan zuen liskar ospetsua ikus daiteke. PPko diputatuek Labordetari iseka egin zioten behin eta berriz eta hark purrustada bota zien: «Ezin al du hemen inork hitz egin? Koño, inork ezin du hemen hitz egin! Kakatara, joder. Ministroarekin ari naiz hizketan, eta ez zuekin. Zuek ohituta zaudete beti hitz egitera, bizitza osoan boterea kontrolatu duzuelako, eta orain izutu egiten zarete diktadurak torturatu duen jendea hona etortzen denean. Horrek izorratzen zaituzte, koño, eta egia da, joder. Kakatara zuek!».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
