Jon ORMAZABAL
PILOTA

Freskotasuna bueltan, Elezkano ordezko on bat baino gehiago da

Zaratamokoa, Altunaren tokia hartuta, eta Imaz erraz nagusitu zitzaizkien Irribarriari eta Albisuri eta Masterseko ligaxkako bigarren postua lortu zuten

Danel Elezkano bikain aritu zen errematean.
Danel Elezkano bikain aritu zen errematean. (Aritz LOIOLA FOKU)

Uda sasoi honetan, pilotari bakoitzaren gorputzaldia eta sentsazioak oso dira desberdinak. Danel Elezkanok ez du onenen artean jokatzeko aukera askorik izan baina, uda aurretik izandako txakalaldia gaindituta, fresko eta sasoiko dago Zaratamokoa. Ez da oso pertsona txeratsua, baina partida hasi aurretik aurpegian marraztua zuen irribarreak hala erakusten zuen eta, Bilbon egin zuen bezala, Lekeition ere bere aukerari primeran atera zion etekina, Jokin Altunaren ordez partida ikusgarri bat jokatu eta garaipenaz harago, pilotaririk onenaren saria merezimendu osoz etxera eramateko.

Txanpon beraren beste aurpegia izan ziren Irribarria-Albisu erraz (22-9) gailenduta, Masterseko ligaxkako bigarren postua eskuratu zuten amezketarrak eta Imazek eta Urrutikoetxea-Rezusta izango dituzte arerio finalerdietarako play offetan eta azken jardunaldian euren mailatik urrun izan diren bi bikoteek, Irribarria-Albisuk eta Jaka-Zabaletak euren artean jokatuko dute. Ezkurdia-Mariezkurrenak, ligaxkan lehen postuan amaituta, finalerdietan itxarongo diete kanporaketako hiru onenei; bi irabazleei eta, lehiaketa sistema arraro honek hala erabakita, galtzaileen artean tantorik gehien egiten duten galtzaileei.

ERRAZTASUN ASKO

Alde horretatik, igandeko Lezamako eta atzoko Lekeitioko partidek antz handia izan zuten, elkarren aurka aritutako bi bikoteen artean esperotakoa baino askoz alde handiagoa izan baitzen, hein batean, garaileen merituak nolabait gutxietsiz. Lezaman Jaka-Zabaletak bezala, Lekeition Irribarria-Albisuk erraztasun handiak eman zituzten, akats gehiegi biltzeaz gain, piloteoan espero zen nagusitasunaren arrastorik ez baitzen izan euren alde.

Eta Lezaman protagonista Jon Mariezkurrena izan bazen, Lekeition, Imaz sendo batek lagunduta, Danel Elezkano izan zen aldeak egin zituena. Partida hasieratik gorriek oso argi izan zuten erritmoa jartzeak asko erraztuko ziela garaipenerako bidea eta, sake-errematetik hasita, horretan saiatu zen Zaratamokoa, erasoan oso ausart arituta. Aurkariak etengabe alderik alde mugiarazten, kantxan deseroso sentiarazi zituen atzokoan erantzuteko sasoirik eta ideiarik izan ez zuten bi goierritarrak.

Ostiralean Donostian, galdu arren, itxura txukuna eman bazuten, atzokoan egun aldrebesa izan zuten oso biek eta euren mailatik oso urrun, erraztasun handiak eman zituzten, kantxan espero zen bezala ez nagusitzeaz harago, pilota asko huts eginez.

Partida berehala hautsi zen gorrien alde, partidako lehen eta azken berdinketa izan zen banakakoaren ostean, 6-0eko partzial batekin eraman baitzuten Elezkano-Imazek euren aldera. Aurrean zein atzean, euren aurkariak baino askoz gehiago izan ziren. Arerioen nagusitasuna gainetik kentzeko erantzunik gabe, partida tristea jokatu zuten goierritarrek Lekeition.