GARA
ARRASATE

Fagorrek Herrigintza programaren laguntza jasotzeko deialdi berria zabaldu du

Fagor Taldeak urteko irabazien parte bat gizarte funtsera bideratuko du, eta diru hori Euskal Herria hobetzea xede duten hiru proiekturi emango dio. Egitasmo hautagaiak aurkezteko izen-ematea zabalik dago.

Errigora izan zen iaz dirulaguntza jaso zuen egitasmoetako bat.
Errigora izan zen iaz dirulaguntza jaso zuen egitasmoetako bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Fagor Herrigintza lankidetza programa berria abiarazi du Fagor Taldeak, euskal gizartean sortutako ekimenak elkarlanean aritzea ahalbidetzen duena. Horren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun berritzailea ematen saiatzen dira, parte hartzen duten proiektuen bitartez.

Programa Euskal Herriko irabazi asmorik gabeko eragileei zuzenduta dago eta kooperatibaren interes publikoko beste helburu batzuetarako funtsetik jasoko du finantzaketa; izan ere, hiru dirulaguntza eskaintzeko intentzioa dute, deialdi bakoitzean, gizarte hobea eraikitzeko xedea duten egitasmoak babesteko (60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 euro).

Laguntza eskuratzeko hautagai izateko, hainbat gai lehenetsiko dituzte, Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren baitan. Adibidez, honako puntu hauek lantzen dituzten egitasmoak baloratuko dira: genero berdintasuna, energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea, herri eta komunitate jasangarriak, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, klimaren aldeko ekintzak eta helburuak lortzeko itunak.

«Fagor Taldeak balioan jarri gura du herrigintzan diharduten eragileen jarduna. Beti izan du lotura estua komunitatearekin, eta aurrera-urratsak egiten segitzen du bide horretan. Banaketa sistema berriarekin, eragile gehiagok izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera», azaldu zuen Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Irailaren 30era arte

Dirulaguntza jasotzeko deialdia zabalik dago, eta interesa izan dezakeen proiektu bat duenak izena eman dezake Fagor.eus webgunean (irailaren 30era arte). Egitasmo irabazleak Fagor Taldeko kooperatibetako kideek erabakiko dituzte. Lehenik, irizpide jakin batzuk jarraituz, hamar proiektu pasatuko dira azken fasera, lortutako puntuen arabera, eta abenduan aukeratuko dira hiru irabazleak, dirulaguntza jasoko dutenak, bozka bidez.

Urtero bezala, Fagor Taldeak bere irabazien %12 bideratuko du gizarte funtsera, gizarte ekimenak laguntzeko. 2021ean, Bizipoza Elkarteak (30.000 euro), Errigorak (25.000 euro) eta Gureak-en Pauso Berriak proiektuak (12.000 euro) jaso zuten laguntza.

Orain arte, aldian aldiko hitzarmenen bidez banatzen zen laguntza eta Fagor Taldeko Gizarte Eraldaketa Batzordeak zeukan proiektuak aukeratzeko ardura. Orain, banaketarako irizpide eta oinarri berriak adostuta, gizarte eragileek deialdi ireki batean aurkeztu beharko dituzte proposamenak eta bazkideek erabakiko dute zeinek merezi duen bultzada hori.