GARA
IRUÑEA

Etxeko beharginen erreforma «eskasa» dela salatu dute LABek eta ELAk

Gobernu espainolak asteartean onartu zuen etxeko beharginen lan baldintzen erreforma «eskasa» dela eta «berandu datorrela» salatu zuen atzo LAB sindikatuak. ELA sindikatuaren arabera, dekretua «anbizio txikikoa» da, migratutako milaka langile utziko ditu kanpoan eta horrekin ez dira amaituko emakume langile horiek jasaten dituzten prekarizazio baldintzak.

Etxeko langileek uztailan Bilbon eginiko protesta, konbenio kolektiboa eskatzeko.
Etxeko langileek uztailan Bilbon eginiko protesta, konbenio kolektiboa eskatzeko. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Etxeko enplegua eta zaintzaren sektorea arautzen dituen indarreko lan araudiaren alderdi batzuk aldatzen dituen errege dekretuaren behin betiko testua Gobernu espainoleko Ministroen Kontseiluak onartu zuen asteartean. LABen ustez, Sanchezen exekutiboa «erreforma hau etengabe saltzen ari da, baina Europako Justizia Auzitegiaren 2022ko otsaileko epaiaren arabera ezarritako eskubideen inplementazioa baino ez da, nahitaez bete beharrekoa».

Hala, sindikatuak gogorarazi zuen epai horrek ondorioztatzen zuela sistema «diskriminatzailea» zela, ez baitzien langabezia eskubidea aitortzen etxeko langileei. Gainera, nabarmendu zuen sektorean langile gehienak emakumeak direla, eta, zentzu horretan, kritikatu zuen dekretuak ez duela ardura bere gain hartzen, eta premiazkoak diren gaiak saihesten dituela, hala nola «gaua pasatzearen erregimenaren erregulazioa, ikuskaritzak etxe barruetan lana zer baldintzetan egiten den aztertzeko ardura hartzea, edo asteko legezko lanaldia astean 60 orduz murriztea».

Dekretuak langabezia-prestaziorako eskubidea eta horri lotutako laguntza guztiak, soldatak bermatzeko funtsaren (Fogasa) estaldura, kontratuen formalitate guztiak sartzea eta hobari sistema berria eta antzeko neurriak jasotzen dituela onartu zuen LABek. Hala ere, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean sartzea hitzeman du, baina ez du, sindikatuaren arabera, esplizituki azaltzen «nola, eta geroko lege garapena egiteke uzten du, eraginkorra izan dadin». Dekretuak desestimenduaren figura kentzea ere ezarri du, kontratuak amaitzeko modu gisa, baina, aldi berean, hiru kasutan hori onartzen jarraituko duela salatu du LAB sindikatuak.

Prekarizazioa

ELAk positibotzat jo zuen «sektore feminizatu, prekarizatu eta askotan arrazializatu hori arautzeko urratsak» egin izana. Hala ere, sindikatuaren arabera, dekretuarekin ez dira amaituko emakume langile horiek jasaten dituzten prekarizazio baldintzak.

Sindikatuaren iritziz, dekretuak Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak hobetuko ditu, baina «guztiz eskasa» da gainerako langileekin parekatze aldera.

ELAk bereziki nabarmendu zuen etxe barruko langileen egoera, kasu askotan ez dutelako erregularizatuta euren egoera administratiboa. Bere iritziz, migratzaileak erregularizatzeko urratsak egin beharko lirateke, gainerako pertsonen eskubide berberekin bizi eta lan egin ahal izateko.