Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren giltzak

Musika talde batek hiru indar edo botere elkartuz gero, olatuaren aparretara igoko da, ospearen uhinaren aparretara: erakarpen boterea, deialdi boterea eta mobilizazio boterea, hain zuzen. Noski, abestiei dagokie indar horien erakustaldia eskaintzea. Hiru botere horiek sorkuntzaren mende daude. Sortuz eta sortuz sortuko dira aukerak hiru indar horiek batzeko, zaleak batetik bestera mugiarazteko.

Erakarpen, deialdi eta mobilizazioaren atearen sarraila irekitzeko giltzak ez dira erosiko sarraila-dendan: ez dago kantu-sarrailagilerik. Baina badira musikariak sinesten dutenak, bi abesti erakartzaile egin ondoren, kantu-sarrailagile doktoretza dutela, baina abestien zerrapoak etengabe aldatzen ditu kodearen digituak. Badira musikariak formula matematikoak erabiltzen dituztenak singleak sortzeko.

Ez dakit horregatik ibiltzen diren irrati-formulak single perfektuaren bila. Horiek ere beti erakarpen, deialdi eta mobilizazioaren sistemari kateatuta. Nork daki giltzak egiten?

Baina nola egin abesti mobilizatzaileak? Sortzaileek askotan zeharka begiratzen diete ospea izan duten abestiei, haietatik zerbait ikasiz eta antzeko egitura eskainita, erakargarritasuna lortzeko. Normalean, hiruko erregelak ez du funtzionatzen.

Entzuleak baliozkotzea lortzea ez da horren erraza. Emango al diogu, beraz, publikoari beti baliozkotze unibertsala? Ez. Izan ere, askotan publikoaren iritzia huskeria unibertsaletik gertuago dago. Non dago populartasunaren giltza? Sedukzioan?