GARA
IRUÑEA

Olatzagutiko Porland-en izandako lan istripu hilgarria gaitzetsi dute

‘‘Prekaritatea hiltzailea’’ zioen pankarta baten atzean elkarretaratzea egin zuten atzo Olatzagutiko Cementos Portland enpresako langileek. Bezperan orga batek harrapatuta hildako lankidea omendu zuten, langile-batzordeak deituta lantegiaren aurrean egindako mobilizazioan.

ELAk istripuaren nondik norakoak argitzeko eta ardurak zehazteko ikerketa zorrotza eskatu du komunikatu baten bidez. Administrazioaren «kontrol baliabide eskasak» ere salatu zituen.

Era berean, langileen segurtasunaren aurrean etekin ekonomikoa lehenesteari uzteko eskatu zion patronalari.

ELAk gogorarazi zuenez, aurten 55 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian; horietatik hamabi, Nafarroan. 2012az geroztik, laneko ezbeharrak %30 ugaritu direla jakitera eman zuen sindikatuak.