Josu ESTARRONA
Alternatiba
KOLABORAZIOA

Komunikatzaile inkomunikatua

Egotea, ikustea, entzutea, partekatzea eta pentsatzea. Kazetariaren bost zentzumenak dira, Kapuscinskiren arabera. Kazetariaren jakintzaren oinarria «besteak» dira, «besteek» interpretatu egiten dute guk ulertu eta deskribatu nahi dugun mundua. Horretarako, kazetariak errealitate ezberdinak ezagutzen ditu, bidaiatu egiten du, jendearen bizitzaren parte bihurtzeraino. Berriemaile iaioak bazuen eskarmentua eta bazekien ondo gerrak inbasio jakin bat baino lehenago hasten direla: egunkarietan hiztegia aldatzen hasi orduko hasten dira gerrak.

Pablo Gonzalez euskal kazetariak Kapuscinskiren ezaugarri horiek ditu. Ahoskatzea ere zaila egiten zaizkigun tokietako gerren berri ematen zuen.

Kapuscinski joan den mendeko Polonian jaio zen, gizateriarentzat lazgarria izan zen 30eko hamarkadan. Urte horietan, Espainiako faxisten altxamendu hiltzailetik ihesean Sobietar Batasunera heldu zen Pablo Gonzalezen aitona. Orain, frogarik gabe atxilotu zutela 6 hilabete pasa dira, non eta Polonian, egunkarietan hiztegia aldatzen hasten denean Aleksey Rubtsov edo Pavel Rubtsov deitzeak kartzelara eraman zaitzakeen Europan.

«Badira giza esperientziaren mugan jartzen zaituzten lanak, gerra eremuetara bidaiatzera behartzen zaituztenak, zeinetan zuregandik ezaugarri miresgarriak edo gizagaineko gaitasunak espero diren», Irati Jimenez idazle bizkaitarraren hitzak dira. «Noizean behin idazle bat, kazetari bat, edo asko, idaztea zaila dela kexatzen entzuten ditugu. Eta ez da. Baina beharko luke izan». Eta jarraitzen du, «Egia bakarrik esan beharko genuke, eta gure gezurrengatik ordaindu. Idazten dugunean izerdia bota beharko genuke, hitz bakoitza irakurtzen gaituztenek nola sentituko duten ongi pentsatuz. Beldurrez eta kemenez idatzi beharko genuke. Zintzotasunagatik dimititu beharko genuke eta erantzukizunagatik isildu. Modu arriskutsuan idatzi beharko genuke, edo ez idatzi».

Jimenez Mundakan jaio zen, Pabloren herritik, Nabarniztik, 25 kilometrora. Nabarniztik Varsoviara, aldiz, 2.500 km daude, Europa erdia; isilik dagoen Europa, gerrak hizkuntza ere aldatu egiten duelako, hitzarekin deseroso sentiarazi dezakeen edozein etsai bihurtuz.

RSF Mugarik Gabeko Erreportariek urtero argitaratzen duten prentsa askatasunari buruzko sailkapenean kezka azaltzen dute Poloniarekin, EBeko azken postuetako podiuma osatzen baitu Hungaria eta Bulgariarekin. Gobernu ultrakontserbadoreak urteak daramatza prentsa askatasuna eta informazio eskubidea murrizteko legeak egiten, eta hedabide publikoek gainbehera handia izan dute 2015etik. Kazetariek jazarpen judiziala eta legala pairatzen dute, eta Pabloren kasuan badago beste elementu bat, leporatzen dizkioten karguak oraindik ez direla ezagutzen; nazioarteko zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen kontra doa hori.

Pablo komunikatzaile inkomunikatua da eta horrela urte erdi espetxeratua darama, isolatua, egunean 23 orduz ziegatik irten gabe, Europan; eta inkomunikazioa luzatzea erabaki du Poloniak, prozedura iruzurra dela medio eta zigor handia izateko arriskuarekin, karguak ezagutu gabe, froga bakar bat ere eman gabe.

Kazetaria eta bere familia injustizia handia pairatzen ari dira: bermerik gabeko atxiloketa, inkomunikazioa, oinarrizko eskubideen urraketa nabarmena eta hau guztia instituzio eta agintari gehienen isiltasunaren aurrean. Gerra batek beti dakar mina, miseria eta sufrimendua, zentzu guztietan, gatazka beliko orok adierazpen askatasunaren murrizketa dakarren bezala. Horregatik, ozen eta argi diogu: gerrarik ez! Pablo askatu!