GARA
IRUNBERRI

1990eko Irunberriko gertaerak: zerbait argi lezakete lekuko gasteiztarrek?

Lizarralde eta Arregiren omenezko ekitaldia, 2010ean.
Lizarralde eta Arregiren omenezko ekitaldia, 2010ean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gure Bazterrak elkartea 1990eko ekainaren 25ean Irunberriko Arroilan izan ziren gasteiztarren bila dabil, lekukotasunak bildu eta gertatu zena argitzeko asmoz. Egun hartan, Guardia Zibilak ETAko hiru militante atxilotu zituen paraje hartan eta horietako bi hil egin ziren: Jon Lizarralde, eskuineko lokian tiro bat jasota, eta Susana Arregi, ezkerreko lokian bi tiro jasota. Hirugarren kideak ere, German Rubenachek, tiro bat jaso zuen buruan eta larri zauritu zen; begi batetik itsu gelditu zen.

Auzitegi Nazionalak onartu zuen bertsio ofiziala -Rubenachek beste bi ETAkideak hil zituela- ez zela egia, eta errugabetu egin zuen handik bizirik atera zen euskal militante bakarra. 32 urte geroago, kasua argitu (edo aitortu) gabe dago oraindik: zeinek egin zien tiro hiru militanteei, Guardia Zibilak guztiz kontrolatua zuen eremu hartan?

Oñatiko Gure Bazterrak taldea, ikerketa etnografiko eta historikoa egiten duena, eta Pako Aristi idazle eta kazetaria informazioa biltzen saiatzen ari dira, galdera horri eta Guardia Zibilaren eta Gobernu espainiarraren bertsio ofizialak uzten dituen beste hamaikari erantzun ahal izateko.

Sekretu Ofizialen Lege frankistaren babesean daude datuak, baina 1/1990 sumarioa berrirakurriz deskubritu dute elkartekoek 1990eko ekainaren 25 hartan bi autobus bete haur gasteiztar egon zirela Irunberriko Arroilan, Kiroletako Udal Institutuak antolatutako txango batean. Gaur egun, 35 eta 45 urte bitartean izanen dituzte, eta horien bila dabiltza, hain zuzen. Helbide elektroniko bat sortu dute harremanetan jartzeko: jardunaldiak@hotmail.com.