GARA
IRUÑEA
EURI FALTA EUSKAL HERRIAN

Lehortearen Mahaia aktibatu dute Nafarroan, hamar urtetan lehen aldiz

2012tik deitu gabe egon ondoren, Nafarroako Lehortearen Mahaiak bilera egin zuen atzo, Gobernuaren eta nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen arteko diagnostiko bateratua egiteko eta euri falta luzearen ondorioak aztertzeko. Exekutiboak sei milioiko laguntzak agindu ditu, baina eragileek egoera oso kezkagarria dela eta bilera berandu iritsi dela diote.

Lehortearen eragina oso agerikoa da Esako urtegian.
Lehortearen eragina oso agerikoa da Esako urtegian. (Jagoba MANTEROLA FOKU)

Egun hauetan bero sargoria gogor jotzen ari da Euskal Herriko txoko guztiak, azken hilabeteetan hainbat alditan egin bezala, eta horrek ez dio batere mesede egiten zenbait eskualdetako lehorte egoerari. Ura falta dugu, eta horren adibide da atzo, 2012tik lehen aldiz, Nafarroako Lehortearen Mahaiak bilera egin izana. Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko sailburua, Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, INTIA -Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutua- sozietate publikoko gerentea eta UAGN, EHNE, UCAN eta ALINAR erakundeetako ordezkariak Iruñean elkartu ziren.

Gomezek INTIAren txosten baten datuak eman zituen, lehorteak sektore produktiboetan duen eraginari buruzkoak, eta iragarri zuen exekutiboak sei milioi euro bideratuko dituela animalien elikadurarako lehengaien kostuen igoera konpentsatzeko.

Nabarmendu zuenez, abeltzaintza sektorea ari da gehien sufritzen, «larrerik ez dagoelako, Ukrainako gerraren ondorioz pentsuen kostua handitu delako eta energia-kostuak ere goititu direlako». Horregatik, sei milioiak abeltzaintza sektoreari zuzenduko zaizkio; batez ere, ardi, behi eta zaldi haragiaren ekoizpen estentsiboa egiten duten abeltzainei. Neurria egikaritzerako orduan «bizkorrak» izan nahi dutela esan zuen, laguntzak «2023ko lehen hiruhilekoan emanda egon daitezen».

Berandu datozela uste dute.

Sektoreko erakundeetatik, Nafarroako EHNEk, Lehortearen Mahaiak bilera egin baino lehenago, prentsaurrekoa eskaini zuen, eta panorama kezkagarria irudikatu zuen. Aurre egiteko, zuzeneko laguntzak eta mailegu hobaridunak eskatu zituen.

«Pentsuak oso garesti daude, eta zereala jaisten ari den arren, energia asko igotzen ari da eta pentsuak jaistea eragozten du», adierazi zuen Fermin Gorraizek, Nafarroako EHNEko presidenteak.

Haren ustez, «okerrena urtarrilean, otsailean eta martxoan etorriko da, abeltzain batzuek belarra, bazka, lastoa eta pentsuak erosi dituztelako, eta beste batzuek ez dutelako ezer erosi zer gertatuko zain». Gorraizek adierazi zuenez, «gune batzuetan, euria eginda ere, ez diote buelta emango, izotza datorrelako eta belarra erre egiten delako. Eta bazka, saltzeko egongo dena, urtarrilean edo martxoan prezio debekatuetan egongo da».

Bestalde, Felix Bariain UAGNko presidenteak Lehortearen Mahaiaren bilera hau «berandu» datorrela esan zuen, eta abantaila fiskalak ere eskatu zituen. Aipatu zuenez, Luis Planas Nekazaritza ministroak %20ko beherapen fiskala iragarri zuen: «Estatu mailan ez da martxan jarri, eta hemen, Nafarroan, are gutxiago. Alderantziz, presio fiskalak gora egin du, gure kontra».

«Pirinioak ez dira berdeak, marroiak dira, eta horrek esan nahi du erositako pentsua ekarri behar dela, horrek dakarren gainkostuarekin», nabarmendu zuen. Ildo berean, heldu diren asteetako euriteak «eskuzabalak» izatea eta urtegien maila eta labore asko berreskuratzea nahi lukeela esan zuen, baina lehortearen aurkako neurriak «azkarrak eta eraginkorrak» izan behar direla gaineratu zuen.

Uzta askoz txikiagoak.

Nafarroako urteko batez besteko ekoizpenen datuei dagokienez, INTIAk lehorreko laboreen egoerari buruz egin duen analisiak nabarmendu du bazka-artoetan hurrengo uzta batez beste %44ra murriztuko dela, zerealetan batez beste %22ko jaitsiera izango dela, ekiloreetan %28koa, arbendoletan %60rainokoa, eta olibadietan batez beste %10etik %15era izango dela.

Belardi eta larreetan, txostenak dio ekoizpena %30 jaitsi dela azken hamar urteetako batez bestekoarekin alderatuta, bai I. Eskualdean (ipar-mendebaldeko mendialdea), zein II. Eskualdean (Pirinioak), eta %43, Urbasan.

Urtegiak %19,5ean daude.

Urtegiei dagokienez, maiatzetik uztailera metatutako ur urriaren ondorioz, gutxieneko historikoetan daude 1980tik. Horren isla dira Aragoiko eta Argako arroak, larrialdi egoeran sartu baitira. Gaur egun, arro horietan metatutako ura 87,1 hm3-koa da; edukiera osoaren %19,5, hain zuzen. Horregatik, hainbanaketak eta hornidura-murrizketak aplikatu behar dira Esako urtegiak hornitzen dituen ureztatutako sail handietan; 18.000 hektarea inguru, orotara.

Bestetik, Irati, Arga eta Ega ibaien arroak aurrealerta egoeran daude, eta 172,5 hm3 pilatuta daude Itoitzen (%41,3). Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriak, berriz, ez du inolako murrizketarik izan uda honetan.

Euriteak begien bistan?

Zeruari begira dabiltza abeltzain eta nekazariak, euria noiz botako zain, eta litekeena da aste honetan aurrekoetan baino gehiago botatzea. “Danielle” ekaitzak Hego Euskal Herrian Iberiar penintsulako beste txoko gehienetan baino ur gutxiago utziko duen arren -hegoaldean bota dezake, batez ere-, adituek asteko lehen egunetan ekaitzak iragarri dituzte. Eta ostegun eta ostiralean fronte batek ipar partean euria uztea espero da.

Muturreko egoera leku askotan

Euskal Herriak bizi duen lehorte egoera oso agerikoa da: nahikoa da inguruko soro, larre edo ibaiei begiratzea haren neurriaz jabetzeko, eta Europako herrialde askotan egoera oso antzekoa izaten ari da uda honetan. Hamarkada luzez ikusten ez ziren irudiak erakutsi dizkigu ur eskasiak kontinenteko ibai nagusietan. Izan ere, udarik beroena izan da hau Europan, bai abuztuan bai urtaro osoan, ekainetik hasita, Copernicus Europako Sistemaren Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako datuen arabera. Arazoa, ordea, nahiko orokorra da, eta leku askotara hedatzen ari da idortea, Ipar Hemisferioan batez ere.

Txinan, adibidez, apenas urik ez duen Yangtze ibai handiaren egoerak alarmak piztu ditu, eta bertan bizi duten bero bolada azken hirurogei urteetako handiena omen da. Besteak beste, sikateari aurre egiteko, milaka dron aireratu dituzte zilarrezko ioduroaren partikulak edo hodeietan dauden beste aerosol batzuk askatzeko, prezipitazioak sustatzeko xedez.

Ozeano Barearen beste aldean, egoera ez da askoz samurragoa AEBetako ekialdean. Joan den astean, Nevada, Utah, Kalifornia, Idaho, Oregon, Wyoming eta Behe Kaliforniako estatu mexikarraren inguruetan hedatzen den eremu zabalean, 50 milioi lagunek bero bolada handia izan zuten, uda honetako enegarrena.

Kaliforniako Sistema Independenteko Operadoreak (ISO) uda honetako zazpigarren deia egin zien erabiltzaileei elektrizitatearen kontsumoa apaltzeko, jendea aire girotuko ekipoak inoiz baino gehiago erabiltzen ari delako.

Gainera, kasu hauetan gertatu ohi den bezala, Kaliforniari eragiten dioten tenperatura altuak eta lehorteak suteetarako baldintza perfektuak sortu dituzte, eta dagoeneko lau lagun hil dira azken egunetan suteetan. AEBetako estatu horrek sute izugarriak pairatu ditu, urtero-urtero, azken hamarkadan.

Arazoa, hala ere, askoz larriagoa da Afrikan, bertako herrialde batzuetan lehortea ia betikotu egin baita. Alde horretatik, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) ohartarazi du kontinente horretako krisi klimatikoak «herrialde eta eskualde osoak ezegonkortu» ditzakeela.

Iragan ostiralean zabaldutako “Klimaren Egoera Afrikan 2021” txostenean aipatzen denez, «estres hidrikoak eta lehorteek eta uholde suntsitzaileek Afrikako komunitateei, ekonomiei eta ekosistemei gogor eragiten diete». OMMk eta Afrikako Batasunak (UA) elkarlanean egindako ikerketak bereziki urari erreparatu dio, eta erakutsi du euri-ereduak etenda daudela, glaziarrak desagertzen ari direla eta funtsezko lakuak murrizten ari direla. Gainera, ur-eskaera gero eta handiagoak, hornidura mugatuak eta aurreikus ezin daitezkeen arazoek gatazkak larriagotzeko aukera zabaltzen dutela dio.

Txostenaren arabera, estres hidrikoak (uraren eskaria dagoen ura baino handiagoa denean) 250 milioi pertsona ingururi eragiten die Afrikan, eta 2030erako kontinentean 700 milioi pertsona haien bizilekuetatik alde egitera behartuko dituela aurreikusi du. I.B.