Maite UBIRIA
BAIONA

42.000 atzerritar Hendaiakoa bezalako atxikipeneko zentroetan

Pertsona atzerritarren defentsan jarduten duten bost elkartek 2021. urteaz egindako balantzearen arabera, 42.353 herritar atxiki zituzten Estatu frantseseko CRA zentroetan, 22 egunez batez beste, gerora kanporatzeko: 219, Hendaian.

Txostenaren aurkezpena, atzo, La Cimaderen Baionako egoitzan.
Txostenaren aurkezpena, atzo, La Cimaderen Baionako egoitzan. (Guillaume FAUVEAU)

Oraindik ere covid-19aren pandemiak markatutako testuinguru batean, administrazio-atxikipeneko zentroek (CRA) okupazio-zifra altuak izan zituzten 2021ean. Kanporatze prozesuan dauden pertsonen atxikipenaren iraunkortasuna ere altua izan zen.

Atzo Baionan aurkeztu zuten txostenaren arabera, iaz 42.353 pertsonek pairatu zuten administrazio-atxikipena Estatu frantsesean. Bost elkartek egin dute ikerketa lana, tartean La Cimadek.

Atxikituetatik 14.704 Hexagono osoan hedatuta dauden CRA guneetan giltzapetu zituzten. Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubiaren ondoan dagoen zentro horretan 219 pertsona atxiki zituzten 2021ean.

Ezezagunagoa izan arren, atxikipena urruntzearekin eta gogorapen kolonialarekin lotzen da. Horrela, «itsasoz haraindiko» zentroetatik -Guyana, Guadalupe, Martinika, Reunion eta Mayotte- 27.649 herritar igaro ziren. Bere dimentsioagatik eta bizi-baldintza gogorrengatik nabarmentzen da Mayotteko zentroa, 26.485 pertsona ibili baitziren bertan.

Legeak pertsona horiek, delitu larririk eta kondenarik gabe atxilotuak, jatorrizko herrialdera ahalik eta azkarren itzultzeko helburua ezartzen duen arren, batez beste, 22 eguneko itxialdia jasan behar izan zuten 2021. urtean. Kopuruak gora egin du berriro, 2020an eta 2019an batez beste 16 egun igaro baitzituzten giltzapetuta.

Itxaronaldi luzeagoa

Hendaiaren kasuan, bertan atxikitutako pertsonen itxaronaldia luzeagoa izan zen. 2019an, zentro horretako egonaldiaren batez besteko iraupena 15 egunekoa izan zen; pandemiaren hasieran, epe hori 25 egunera igo zen, eta 2021ean, 27 egunera. Kanporaketak egiteko arazorik ez dagoela dioen bertsio ofiziala gezurtatzen du datuak.

Izan ere, EBn eman ziren kanporatze-agindu guztien herena Paristik etorri arren, %42,5 ezin izan ziren gauzatu iaz, mugak itxi zirelako edo jatorrizko herrialdeekin desadostasunak izan zirelako.

Igarobide izan beharrean, atxikipena patu astun bihurtzen ari da. Horrela diote datuek: legez giltzapetuta eman daitezkeen hiru hilabeteak atxikituta eman zituzten pertsonen kopurua bost aldiz biderkatu da 2019 (70 pertsona) eta 2021 (396) artean.

Horrek tentsioa eta «etsipen-ekintzak» eragiten ditu. Hiru suizidio izan ziren 2021ean, eta Hendaiako CRAn zapuztutako saiakera bat jasotzen du txostenak. Sute batek eta bost zauriturekin izandako borroka batek osatu zuten urtearen balantzea Hendaiako CRAn, non Tunisiako gazte batek ezpainak josteko muturreko protestara jo zuen.