«Berpiztu», Kepa Junkeraren itzulera zaleen aurrera, lau urteren ondoren

2018ko abendua da. Bizitza erabat aldatuko zaio Kepa Junkerari (Bilbo, 1965). Iktusa izan du Ganten (Belgika), “Maletak” diskoaren aurkezpen biran bete-betean zegoela. Lau urte daramatzagu bilbotar musikaria kamera aurrean ikusi gabe. “Berpiztu” dokumentala baliatu du aurkezpen publikoa egiteko.
EiTBren Galan eskainiko dute gaur eta Donostiako Udalak ekitaldia aprobetxatuko du 2020an Junkera jaso gabe geratu zen Adarra Saria emateko. Berak ezin izango du bertan izan, baina senideek jasoko dute bere izenean.
Ingurukoei esana zien Junkerak liburua argitaratu nahi zuela bere ibilbidea kontatuz. Bertan hainbat artistak parte hartzea nahi zuen. Liburuaren osaketaren prozesua ikus-entzunezko batean jasotzeko ideia familiaren eskutik etorri zen.
Fermin Aio gonbidatu zuten, dokumentala egin zezan. «Bere ibilbidea betidanik jarraitu dut, baina hain barrutik ez nuen ezagutzen bere sorkuntza. Perspektibarekin uste dut konturatuko garela nolako ekarpena egin dion gure musikari», adierazi du.
Kezkak
Joan den larunbatean Gernikako Lizeoan emanaldi pribatua egin zuten familiarentzat eta lasaitua hartu zuen. «Asko gustatu zitzaien, eta niretzat hori zen garrantzitsuena, familia pozik egotea», aitortu du Aiok.
Ez zen bere kezka bakarra. «Nire beste beldurra zen ia gai izango nintzen Kepari eta berak egin duen guztiari justizia egiteko». Aioren hitzetan, «oraingo Keparekin egotea» izan da proiektuaren alderdirik politena eta zailena. «Nire beldurra zen nola erakutsiko genuen oraingo Kepa. Nolako inpresioa ematen genuen. Kepa ere eroso egotea nahi nuen. Familia ere agertzen da eta kontatzen dute nola bizi duten oraingoa… Oreka bilatzea, historia bilatzea, baina egia izatea; lanak zintzotasuna islatzea izan da zailena».
Artista asko
Joseba Tapia, Ibon Koteron, Sorginak... dira dokumentalean agertzen diren euskal musika eszenako izenetako batzuk. Haiekin batera, Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes.... Zerrenda luzea da.
«Soinua beste era batera jotzen hasi ginen berarekin», kontatu du Tapiak. Koteron harago doa: «Alboka, trikitixa eta txalaparta ezin dira bera gabe ulertu».
Aiok oso gogoan ditu 1992an elkarrizketa batean Junkerak eginiko adierazpenak. «Kontatu zuen zer nahi zuen lortu eta nola nahi zuen uztartu bere musika munduko musika guztiarekin. Eta lortu du», nabarmendu du.
«Arlo profesionalean egin du egin nahi izan duena. Soinu txikia hartu, ordura arte oso baloratua ez zen musika tresna, eta lortu du hasiera hartan bere buruari jarri zion helburua. 1992an egindako elkarrizketan etorkizuna ikusten ari zela dirudi», amaitu du Aiok.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
