«Sexualitateak inpaktua sortzen du eta ikusleak enpatizatu egiten du»
Telmo Irureta ezagutu ere egin gabe bere neurrira egindako pertsonaia, David, sortu du Fernando Francok ”La consagración de la primavera” lanean. Aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitateaz hausnartzeko aukera emateagatik poza agertu du zumaiar aktoreak.

Aniztasun funtzionala du Davidek. Laura (Valeria Sorolla) ezagutuko du, guraso kontserbadoreengandik askatu nahian dabilen gaztea. Deseraikitze prozesu betean, orain arteko buru-eskemak apurtzen. Bide berriak bilatzen. Adiskidetasun harremana aurrera doa eta une batean sexu-laguntzaile lanak egitea proposatuko dio Laurak. Eskaintza onartu egingo dio Davidek. Horrek aurrerantzeko erlazioa markatuko du.
Aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitateaz gutxi hitz egin ohi da, oro har. «Sexualitatearen gaiak inpaktua sortzen du eta ikusleak enpatizatu egiten du. Filmak irauten duen denboran ikusleak hausnarketa egingo du», dio Iruretak.
Fernando Francok (Sevilla, 1976) ez du ikuslearen malko erraza bilatu bere lanean. «Bai, egia da. Hori gertatzen bada, lanaren ondorioa izango da, baina ez da izan zuzendariaren helburua. Kontu batzuetan errazago jotzen dugu penaren aldera. Minusbalia daukagun pertsonak ikusi eta ‘ai, gaixoa’ pentsatzen dute askok, eta ondo dago beste ikuspuntu bat erakustea. Nolabaiteko distantzia hartzen du filmak», adierazi du.
Biktimismotik urrun, Iruretak berak bere bizitzan aldarrikatzen duen jarrerarekin bat eginez. «Ez dakigu, Laura ala David, zein den ‘gaixoagoa’. Izan ere, denok dauzkagu gure motxila eta gure arazoak».
«Biek elkarri laguntzen diote, bakoitzak bere modura. Laurak inseguritate eta beldur gehiago ditu buruan, eta Davidek ezintasun fisikoak ditu; bata bestearekin ondo konpontzen dira», gaineratu du. Positiboa izan da Francorekin izandako esperientzia. «Berak ikusi edo irakurritakoaren arabera idatzi du, baina nik bizi egin dudanez, gidoian aldaketak egiteko prest agertu zen; esaldiren bat bakarrik aldatu nuen, ordea, oso ondo idatzita baitzegoen».
Bidegurutzean topo egiten duten pertsonaien erretratu psikologikoa egitea interesatzen zaio Francori. Hori bera egin du aurreko lanetan (“La herida”, “Morir”), baita oraingoan ere.
Plano-sekuentzia luzeak
Plano-sekuentzia luzeen bidez grabatu du. «Erritmoa mantsoagoa den arren, bizitza errealaren antz handiagoa du», nabarmendu du. Lan egiteko modu horri ikusten dizkio Iruretak puntu interesgarriak, baina baita arriskutsuak ere. «Lehenengo hiru minutuak ondo joan daitezke eta azken biak ez; beraz, plano-sekuentzia osoa errepikatu behar da. Batzuetan tentsioan egoten nintzen ‘ia amaieran ez dudan hanka sartzen’ pentsatuz», esan du [barrea].
Giro politean egin dute lan: Irureta eta Sorolla hasi berriak eta ondoan, Emma Suarez, ibilbide luzeko aktorea. «Grabaketa hasi aurretik idatzi egin zidan elkar ezagutzeko asmoz, ama eta semearen arteko konfiantza giroa islatzea errazagoa izan zedin filmean», kontatu du.
Iruditu zaigu Iruretak bere umorez zipriztindu dituela eszena batzuk. «Nire ukitua eman diot, baina ia dena gidoian bertan zegoen. Nik ere horrelaxe idatziko nuke. David eta biok nahiko antzekoak gara izaera aldetik», argitu du. Oparia. «Castingera joan nintzenean, neure burua animatzeko, neure buruari esan nion ‘lasai, konturatuko dira David ni naizela’», gaineratu du. [barrea]
Maitane San Nicolas intimitate koordinatzaile bilbotarra izan zuten Iruretak eta Sorollak ondoan, laguntzen. «Goxo-goxoa da eta asko lagundu du intimitate eszenak noraino joan daitezkeen erabakitzeko edo jakiteko aktoreak bere gorputza zenbat erakutsi nahi duen. Bera aktorea ere bada; beraz, barrutik ezagutzen du lanbidea».
Gorputza erakutsi
Iruretaren kasuan, berak animatu zuen zuzendaria gidoian idatzitakoaz harago joatera gorputza erakusteko garaian. «Gidoia ausarta bada, irudiek ere ausartak izan behar dute», esan zion. Nabari da ez dela erdibidean geratu-zalea zumaiarra. «Behin hasita, hobe da gorputza ezkutuan ez geratzea. Askotan hori gertatzen da: erakutsi nahi dugu, baina gero beldurra ematen digu... Horretarako, ez erakutsi ezer: hobe da itxurakerian geratzea baino». «Gorputz politak, edo politak direla esan digutenak, bakarrik erakutsi ohi dituzte», bere hitzetan.
Irakasle eta Pedagogia ikasketak egin ondoren, interpretazioaren bidea hartu zuen Iruretak. Ezin esan apustua gaizki atera zaiola. Pozik dago orain arte; batez ere, antzerkian egindako bidearekin. «Badaezpada Psikologia ikasten hasi naiz; izan ere, aktoreon proiektuak hasi eta bukatu egiten dira», dio. Bizitza honetan zuen ametsetako bat -«beste asko ditut», argitu du- betetzen ari da.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
