EDITORIALA

Mobilizazioa presoen askatasunaren gakoa da

Azkenean, Parisko Apelazio Auzitegiko Zigorren Aplikazio Aretoak onartu egin zituen Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot preso lapurtarren defentsak aurkeztutako eskaerak, eta, beraz, 32 urte baino gehiago kartzelan eman ondoren, irtengo dira biak espetxetik. Parotek aurkeztutako seigarren demanda zen hori, eta Esnalek aurkeztutakoa, bigarrena. Fiskaltza horien guztien aurka agertu da, eta bi presoak espetxetik ateratzea atzeratu du, behin eta berriz. Eta hori, Frederic Xistor Haranburu, beraiekin batera atxilotutako beste kide bat, 2020ko udazkenean espetxetik atera izana markatzen duen aurrekaria gorabehera. Berandu den arren, ezbairik gabe, berri ona da, zoriondu eta pozteko moduko notizia.

Albiste on hori, lehenik eta behin, euskal gizartearen ahaleginaren eta mobilizazioaren emaitza da. Izan ere, nahiz eta epaileak ezezko erantzunekin tematu diren, gizarte zibilak ez du etsi; konplizitateak gehitzen, atxikimendu berriak lortzen eta mobilizazio garrantzitsuak egiten jarraitu dute herritarrek. Horren adibidea, duela bi hilabete Bake Bideak eta Bakearen Artisauek deitu zituzten blokeoetan 1.700 pertsona baino gehiagok parte hartu eta Ipar Euskal Herria geldiaraztea lortu izana. Albiste onaren ifrentzua da garai berean atxilotutako Unai Parotek preso jarraitzea Espainiako Estatuan. Izan ere, Sarek uda honetan salatu zuen bezala, espetxe-politikan izandako aldaketak oso mantsoak dira oraindik. Mendeku jarrera batetik bakarrik uler daiteke ETAren jarduera amaitu eta hamaika urtera eta erakunde armatua desegin zenetik lau urtera, oraindik ere presoen auzian horrelako blokeoa mantentzea.

Euskal gizarteak bakean, normalizazioan eta bizikidetzan aurrera egitea eskatzen du, eta horretarako presoen gaiak askoz ere azkarrago egin behar du aurrera. Bi estatuetako sekurokratek eta indar erreakzionarioek edozein aurrerapauso oztopatzen jarraitzen dute, baina euskal gizartearen mobilizazioaren indarrak erresistentzia horiek menderatzea lortuko du, orain arte egin duen bezala, euskal preso guztiek askatasuna lortu arte.