Maider IANTZI
HONDARRIBIA

Talaia Ikastolan «kezkatuta» daude garbitzaileen gatazka luze doalako

Bileraz betetako astea izan arren, ez dute aurrerapausorik eman Hondarribiko Talaia Ikastolako garbitzaileen auzia konpontzeko, eta zikinkeria pilatzen ari da. Gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute herrian, «Eskolako zaborra, Udalaren ardura» leloarekin.

Protesta gisa, eskola patioan egin zuten ikasturte hasiera. Irudian, Biteri eraikina.
Protesta gisa, eskola patioan egin zuten ikasturte hasiera. Irudian, Biteri eraikina. (@Talaia_FE)

Joan den ikasturteko apiriletik greban dira Hondarribiko Talaia Ikastolako garbitzaileak. Udalak enpresa baten bidez ematen du zerbitzua (ISS Facility Services), eta enpresa horrek kontratatzen ditu garbitzaileak. Otsailetik ari dira langileak ISSri lan baldintza hobeak negoziatzeko eskatzen, baina diotenez, momentuz ez du horretarako borondaterik agertu. Bitartean, eskolan zikinkeria handitzen ari da eta, horren ondorioz, osasun arazoak sortzen ari dira. Gurasoak «amorratuta eta oso kezkatuta» daude haien irudiz «denbora pasatzen uzten ari direlako».

Familia Elkartearen iritziz, Hondarribiko Udala da zerbitzuaren arduraduna eta baditu tresnak enpresa presionatzeko, bi aldeekin batera eseri eta akordioa bultzatzeko.

Gaur manifestazioa egingo dute, “Eskolako zaborra, Udalaren ardura” leloarekin. 17.00etan da hitzordua, Biteri eraikinean, eta zarata ateratzeko tresnak eramateko eskatu dute. Mobilizazio jendetsua espero dute, eta datorren astean ere protestan jarraitzeko asmoa dute.

Izan ere, Julen Luzuriaga aitak GARAri adierazi zionez, bilera ugari izan da aste honetan, baina ez dute emaitzarik izan. Asteartean langileak eta enpresa elkartu ziren, eta langileek esan zutenez, enpresa eroso dago eta abenduan kontratua luzatzea bilatzen ari da.

Hurrengo negoziazio bilera urriaren 4rako edo 5erako jarri izana harriduraz hartu dute familiek. «Denbora luzea da; gainera, ikusten ari gara ez dela aurrera egiten ari. Gorlizeko eskolan antzeko egoera sufritu zuten eta 18 hilabetez luzatu zen arazoa. Kezkatuta, beldurtuta eta amorratuta gaude», azaldu zuen Luzuriagak.

Langileekin eta Udalarekin mintzatu dira eta alde bakoitzak kontuak era batera kontatu dizkie. «Ulertzen ditugu, baina ez dugu ikusten soluziorik epe laburrean eta Udala presionatzen segituko dugu».

«Erdian gaude, sufritzen»

Nahiz eta Udalak baieztatu enpresaren eta langileen arteko gatazka dela eta ez dela sartuko, bileraren ondotik gurasoek ikusi zuten zerbaitetan ari zirela. «Baina ez dakigu zertan; ez dira elkartzen enpresa eta langileekin batera. Antza, langileen eta Udalaren arteko harremana ez da oso ona; Udalaren eta enpresaren artekoa ez dago hain mikaztuta».

Eskolan, bitartean, egoera okerrera doa. Psikomotrizitate gela, 4 eta 5 urtekoena, itxi behar izan dute zikinkeriagatik eta beldur dira halakoak ugarituko diren. Lehenagotik arnas aparatuko arazoak dituzten ikasle eta irakasleen osasuna kaltetu da. Irakasle batzuek musukoa berreskuratu dute hautsagatik.

Gurasoek hiru agertoki ikusten dituzte gatazka bukatzeko. Lehena, langileek greba uztea. Baina garbi dute ez dela gertatuko. Bigarrena, langileak eta enpresa ituna berritzeko ados jartzea eta berritzeak eskatzen duen kostua enpresak hartzea. Hori ere ez dute uste gertatuko denik, multinazional bat baita eta Hondarribiko negozioa ttipia berarentzat.

Hirugarren agertokia, gertatuko dela uste dutena, hitzarmena berritzean sortuko den kostua Udalak diru gehiago jarrita konpontzea da. «Guztiek dakite hori iritsiko dela, baina denbora pasatzen ari da aurrera egin gabe», azpimarratu zuen Luzuriagak. «Baten batek amore eman nahi ez duen sentsazioa dugu, eta gu erdian gaude, sufritzen; langileengan ez, beste nonbait dago burugogorkeria».