Amagoia MUJIKA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

Joanes Illarregi nagusitu da Arrasateko saioan

Joanes Illarregi gailendu zen atzo Arrasateko saioan, 678 punturekin. Segidan sailkatu ziren Saioa Alkaiza, Iñaki Apalategi, Xabat Illarregi, Miren Amuriza eta Gorka Pagonabarraga. Bezperako Getxoko saioarekin alderatuta, puntutan beheragotik joan zen atzokoa. Bertsozale aldetik ez zen apaldu, 700 lagun elkartu baitziren Amaia Udal Antzokian.

Joanes Illarregi Marzol leitzarra, atzoko saioan. Lehenengo Txapelketa Nagusia du.
Joanes Illarregi Marzol leitzarra, atzoko saioan. Lehenengo Txapelketa Nagusia du. (A. CANELLADA | FOKU)

Ganbarako txukun eta sinesgarri batekin bukatu zuen Joanes Illarregik erregularretik ekarritako saioa. Honako hau izan zuten bertsolariek ganbarako ariketa josteko gaia: autoa hartu duzu bila joateko; iristear zinela, ordea, buelta eman duzu. Parrandan atera den hamabost urteko semearen bila abiatu zen Joanes Illarregi. «Kotxean sartu giltzari eman eta jeitsi dut kristala / andreari diosala / ta pentsatu dut nere semeak ederki entzun nazala/ baina bidean heltzear nintzen herria zen berehala/ ta buelta eman dut hala/ bere adina genuenean egiten ginun bezala / parrandarako heldua bada modua aurki dezala». Eta seguruen hor lortu zuen hurrengo faserako txartel zuzena.

Izan ere, Arrasateko saioari lehertzea falta izan zitzaion. Erorialdiak akaso ez ziren nabarmenak izan, baina distira uneak ez ziren ugari izan.

Puntutan bigarrena Saioa Alkaiza izan zen. Saioan, erakutsi zuen gaiei zulo, ertz, zimur propioak topatzeko duen zorroztasuna; horretan abila da. Eta ganbarakoan gure herrian tristeki ohikoa den gaiari bazter propiotik begiratu zion. Neska-laguna kartzelatik ateratzear dela, hauxe kantatu zuen hirugarren alean: «Kotxez bide erdia eginik alferrikan nator hona/ baina buelta ematea dugu erabaki ona/ goraka izanen ditu mila antsietate hormona/ joanez gero hartuko zuten antsietatearen forma/ ta ongietorria ez da eginen nahi ditut denak informa/ zaurietan ez dadila berriz ere batu zorna/ mantso eta ezer gabe baitu harek zoriona/ gudaria ez da bueltatzen bueltatzen baita pertsona».

Iñaki Apalategi izan zen hirugarrena. Ariketa guztietan eutsi zion, puntu erantzunean goraldiak izan zituen eta hamarreko txikian ere ondo.

Xabat Illarregirentzat egun berezia izan zen zalantzarik gabe. Joanes anaiarekin gerturatu zen Arrasatera goizean. Pentsatzekoa da entrenatzen ere elkarren alboan aritu direla. Saioa baino ordu pare bat lehenago jakin zuen oholtzara igo beharko zuela, Xabier Silveirak, arrazoi pertsonalak tarteko, Arrasatera ezin zuela agertu abisua eman ondoren. Nafarroako txapelketako sailkatuen zerrendan Xabat Illarregi zen hurrena. Eta horrela igo zen Amaia Udal Antzokiko oholtzara, asko espero gabe, asko hausnartu gabe. Dakiena egin zuen, bertsotan eta ondo. Eta gauzak nola diren, txapelketako parte-hartzaile gazteena bera da orain, 2001ean Leitzan sortua. Laugarren tokian geratu zen baina, seguruen, plazan apar gehien sortu zuen bertsolaria izan zen.

Hamarreko txikian, adibidez, Miren Amurizarekin egokitu zen, duela aste batzuk zendu zen lagunaren agur festa bat antolatzen biak. Hauxe Xabat Illarregiren lehena: «Umetako kuadrilla deitzen diot tribu/ bertan hogei bat lagun ez bi ta ez hiru / Jokin joan zen eta mundua ixildu/ ez dugu hitz egin ta gaur arte ez bildu/ terapia modura balioko digu».

Miren Amuriza izan zen bosgarrena. Ez zen bere bertso arratsalde distiratsuena izan, ez zuen berez daukan bertso maila erakusten asmatu. Txapelketak horrelako itzalak bere-bereak izaten ditu. Ganbarakoan agertu zuen begirada propioena, alabaren bila joan edo ez dabilen amaren azaletik, «...konfirmatzen arituko naiz ta ni neu dagoneko/ motiboak dituela beldurtuta egoteko», motako ideiak josiz.

Gorka Pagonabarraga izan zen seigarrena. Hamarreko txikian jositako ariketak ondo laburbiltzen du bertsoaren aurkia eta ifrentzua. Arratsaldeko perletako bat eta poto bat segidan. Alkaizarekin batera aritu zen, euskal kulturaren transmisioan gertatzen ari den etenarekin kezkatuta dauden irakasleen azalean. Perla, honako hau: «Horren ikusten ditut itzalita garrak/ nahiz eman dizkiedan kristoren tabarrak/ goizegi ebakita dauzkagu bizarrak/ dena da Rosalia, dena da Bizarrap/ hoiek al dira gurtzen ditugun izarrak». Ondoren etorri zen potoa.