Jon ORMAZABAL
PILOTA

Neguko arropak jantzi zituzten Altuna eta Martijak Logroñorako

Aspeko bikoteak oso partida serioa jokatu zuen, ia akatsik gabea, eta oso deseroso ibili zituzten Jaka eta Mariezkurrena, 13 akats egitera behartuz.

Jokin Altunak oso partida serioa jokatu zuen.
Jokin Altunak oso partida serioa jokatu zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gutako askok asteburuan ekin diogu armairura jo eta bertatik praka luzeak eta jertseak ateratzeari. Pilotarien uniformean ez da aldaketarik izaten urtaroen arabera, baina jakina da udako ferietako partidek antz gutxi izaten dutela neguko txapelketakoekin. Batetik besterako trantsizio moduko bat izan da historikoki San Mateo feria, udako sasoia itxi eta negukoa irekitzen duena -aurten Masterseko azken txanpa geratzen da Lau eta Erdikoa hasi aurretik-, baina Jokin Altuna eta Julen Martija izan ziren arropekin asmatu zutenak, neguko partida bat jokatuz atera baitzuten aurrera Logroñoko feria, Jon Mariezkurrenak, jokatuta, aurten irabazi ez duen bakarra. Partida gogor eta luze batean 22-15 nagusitu ziren Aspekoak eta torneoaz gain, jokalaririk onenaren saria etxera eraman zuen amezketarrak, uda zail bati amaiera dotorea jarriz.

Atzokoak antz gutxi izan zuen astean zehar jokatutakoekin. Udako pilotariari irabazteak neguko arropak janztera behartu zituen Binakako txapeldunak, eta aurreko egunetako alaitasun eta erremateak beste baterako geratu ziren eta bi tanto baino ez zituen airez amaitu Altuna III.ak.

Hori bai, beste modu batera jokatuta ere, lehen tantotik, aurrelari amezketarrak erabakigarria izaten jarraitu zuen; angeluak eta marrak bilatu beharrean, pilota bizi astinduz eta, ahal zuen gehienetan, Erik Jaka lagunari hanketara jokatuz.

Hala lortu zuten Aspekoek markagailuan lehen aldea ezartzea (1-5), baina Baikokoak ere ez zeuden barkatzeko eta partida ekartzea lortu zuten. Aurreko egunetan baino deserosoago aritu zen arren, pilotek oraindik distira zutenean, Jon Mariezkurrenak gehienean dominatu egin zuen Martija eta hortik heldu zen markagailuko oreka.

BINAKAKOAN BEZALA

Azken Binakako txapelketan elkarrekin aritu ziren bi bikote aritu ziren elkarren aurka atzo Logroñon eta, neguan gertatu zitzaien bezala, Baikokoek ez zuten bikote bezala behar bezala funtzionatu. Orduko hartan arazo nagusia atzelari berriozartarraren eskuko arazoak izan baziren, Logroñoko feria honetan Erik Jaka izan zen bere atzelariaren nagusitasunari behar besteko etekina atera ez ziona.

Eta gauzak horrela, partida luzatu zen heinean, pilotak gastatuz joan ahala, Julen Martijak gora egin zuen. Bi atzelari oso desberdinen arteko lehia izan zen atzokoa. Esan genezake eguraldi beroa maite dutenetakoa dela Mariezkurrena eta hotzarekin eta hezetasunarekin aritzen dela egokien Julen Martija.

Pilotari lehiakorra da oso Etxeberrikoa, txapelketako partidetan bere onena ematen duen horietakoa eta atzokoa halaxe izan zen. Uda txar samarra pasatu duen arren, Martija ari da bere onera itzultze: atzo oso ondo eutsi zion Mariezkurrenari eta, gainera, pilota baztertuz, mina egiteko gai ere izan zen.

Gauzak horrela, partida orekatua joan zen lehen erdian, baina Jakak sakez egindako lehen eta azken tantoarekin lortutako 9-9koa izan zen lehiako azken berdinketa. Aspekoak jokatzera etorri ziren partidan eroso sentitu baziren, Baikokoek, nolabait esateko, zerbait arinagoa espero zuten eta, pixkanaka-pixkanaka, hoztuz joan ziren.

8-0eko partzial batekin partida erabat hautsi zutela zirudien, baina pilota arinago batekin, Mariezkurrenak dominatu eta Jakak asmatuta, 15-19 gerturatu ziren. Hurrengo tantoan, Mariezkurrenak zerbait sentitu zuen eskuin bikian eta han amaitu zen dena.