Nagore BELASTEGI
TOLOSA

Sortuk «itxaropenerako leihoa» zabaldu du, «etsipenari aurre egiteko»

Borondaterik ez egon arren, gauzak aldatzeko aukera dagoela nabarmendu zuen Sortuk atzo, Txiki eta Otaegiren heriotzaren urteurrenaren harira, Tolosan egindako ekitaldian. Gaur egungo gatazkak gainditzeko indarrak batzeari garrantzia eman diote baikortasunez betetako mezu baten bidez.

Arkaitz Rodriguezen hitzaurrea amaitutakoan «Eusko Gudariak» abestu zuten denek.
Arkaitz Rodriguezen hitzaurrea amaitutakoan «Eusko Gudariak» abestu zuten denek. (Andoni CANELLADA | FOKU)

”Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko” lelopean, Sortuk ekitaldi jendetsu eta hunkigarria egin zuen atzo Tolosako Leidor aretoan, Txiki eta Otaegiren heriotzaren 47. urteurrenaren harira (bihar izango da). Horiek gogoan izan zituen Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek: «Europako edozein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo lizkiekete Txiki eta Otaegiri, baina hemen haien memoria kriminalizatu egiten dute, frankismoarekiko haustura demokratikoa oraindik egin ez den seinale». Eta gogoratu zuen gaur egun Euskal Herriaren egoera hobea dela beraiek egindako lanari esker.

Hala ere, bizi dugun garaia erraza ez dela ere kontuan izan zuen. Izan ere, klima larrialdia, klaseen arteko arrakala handitzea eta gatazkak egunero irentsi behar ditugun albisteetan daude, baita «erregai fosil merkeen amaiera eta inboluzio politikoa eta faxismoaren mehatxua». Aitzitik, nabarmendu nahi izan zuen «albiste oso on bat» dagoela: guztia alda daitekeela. Izan ere, Rodriguezen ustez, «badago alternatiba; ez dagoena borondatea da».

Gaur egungo garai nahasiaren errudunek «izen-abizenak» dituztela adierazi zuen Sortuko bozeramaileak, eta horiek seinalatu ostean -«IBEX-35a, armagintza industria, funts putreak, banketxeak, Iberdrola, Petronor, elite ekonomiko eta finantzarioak, politika neoliberalak, kapitalismoa»- aurrera indarrez ekiteko deia egin zuen: «Etsipenaren aurrean, jaso dezagun esperantza aktiboaren bandera; antolakuntzaren eta borrokaren bandera; Txiki, Otaegi eta beste askok jasotako hura. Soilik herri antolatuak lor baititzake beren helburuak. Eta herri honek bere helburuak lortzeko determinazioa duelako. Borroka luze honetan jardun dutenei zor diegu, baina batez ere geure seme-alabei zor diegu», aldarrikatu zuen.

Senideei eskainitako eguna

Ekitaldi politikoa izan arren, orain arte Euskal Herriaren alde borrokan bizitza galdu dutenen senideei eskainitako momentua izan zen: omenaldi txiki bat. Frankismo garaiko titularrak jarri zituzten bozgorailuetan, eta argiak itzaltzen zituzten heinean, gero eta albiste berriagoak entzuten ziren, baina ez horregatik baikorragoak.

Eustakio Mendizabal ‘Txikia’-ren testuek garrantzi handia izan zuten ekitaldi osoan zehar. Zati batean itxaropenaren eta etsipenaren arteko norgehiagoka irudikatu zuten, egunerokotasunean guztien ahotan dabiltzan arazoak aipatuz (matxismoa, krisi ekonomikoa, gerra, migrazioak...), atzean bina lagunek sokaren mutur batetik eta bestetik tiratzen zuten bitartean.

Bideo txiki bat ere proiektatu zuten, garai ilunak baina baikortasunez jositako proiektuak ere erakutsiz, gure herrian azken urteetan sortutakoak.

Ekitaldiaren beste une indartsu bat izan zen Ernaiko ordezkariak taularatu zirenean, Ane Alava buru zutela. «Gazte borrokak zerbait izan badu, hori anbizioa baita. Eta hori zugandik ere ikasi dugu, Eustakio. 28 urte zenituela erail zintuzten, eta ordurako herri honen historiaren hainbat pasarte idatzi zenituen. Helburu handiak jartzen zenituzten, asko ez zenituzten beteko, baina batzuk bai. Eta horrela egin zuen gure herriak aurrera, euskal gazteriaren anbizioari esker: gazteak ziren herri hau iluntasunetik atera eta matxinada bat abiatu zutenak; gazteak ziren debekuen gainetik lehen ikurrinak atera zituztenak; herriarentzako alternatibak sortzeko espazioak zabaldu zituztenak; gaztetxeak sortu zituztenak; feminismoa lehen lerrora ekarri zutenak; sexu askapenaren aldeko borroka abiarazi zutenak... Gazteak ziren eta gaur ere gazteak gara», adierazi zuen Alavak.