GARA
BILBO

Hezkuntza Legeaz «mugarik gabeko» eztabaida nahi du EH Bilduk

EH Bilduren ustez, EAEko Hezkuntza Lege berriaren gaineko eztabaidak ez du mugarik izan behar eta «parte hartzailea» izan behar du. Haren ustez, Legeak «bokazio eraldatzailea» behar du eta «hezkuntza-sistema propio baten sorrerarako tresna» izan behar da. «Ez da edozein lege; datorren 30 urteetara begira pentsatu eta diseinatu nahi dugun lege bat da, hezkuntzari dagokiona, funtsezko gaia edozein herriren garapen eta etorkizunerako», adierazi zuen atzo Pello Otxandianok, koalizioaren izenean.

Donostian egindako agerraldian, EH Bilduko kideak aipatu zuen sumatu dutela auzi honen gainean ikastetxeetako langileen artean «kezka» dagoela, eta azpimarratu zuen ez dagoela «behar den konexio eta sintoniarik hezkuntza komunitatearen eta eztabaida honen artean». Esan zuenez, «ezinbestekoa» da hezkuntza komunitatea honen parte bilakatzea, hain zuzen, hau «euskal hezkuntzaren etorkizunaren gaineko eztabaida» delako.

Ildo berean, adierazi zuen EH Bildu izango dela «bermea» hezkuntza-akordioaren «letra eta izpiritua» legean jasota egon dadin. Ildo horretan, koalizioak zuzenketa asko aurkeztuko dituela iragarri zuen.