Lakuak 457 presori eman die hirugarren gradua azken urtean; 25 soilik dira EPPK-koak
Lakuak 457 presori eman die hirugarren gradua azken urtean. Horietatik 25 dira EPPK-koak. Beatriz Artolazabalen ustez, «jada ez dute zentzurik salbuespenek, ezta tratamendu kolektiboek ere».

Azken hamabi hilabetean Gasteizko Gobernuak 457 presori eman die hirugarren gradua. Horietatik 25 dira preso politikoak. Hala adierazi zuen Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo, Zaballako espetxean egindako EAEko kartzela ereduari buruzko jardunaldi batean.
Espetxe kudeaketaren lehen urtearen balantzea egitean, «bide luzea eta zaila» izan dela aitortu zuen. «Oztopoak izan dira. Batzuk esperotakoak eta besteak, fikziozkoak eta interesatutakoak». Azaldu zuenez, beren eredua «espetxe kudeaketaren eguneroko bizitzan finkatzea ez da urtebetean lortzen den helburua, ezta legegintzaldi batean ere; urte asko beharko dira lanean, praktikan eta pedagogian. Horretan ari gara».
Jakinarazi zuenez, orain arte 457 presori eman die Lakuak hirugarren gradua. «Horrek «oso hurbil jartzen gaitu xede gisa proposatu genuen %40 horretatik». Aurrerapen guztiak tratamendu batzordearen eta teknikarien txostenetan oinarritzen direla agertu zuen: «Dagoeneko ez dute zentzurik salbuespenek, ezta tratamendu kolektiboek ere. Presoek ez dute inolako onura edo galerarik izango euskal espetxeetan, ETAkoak izan ala ez».
Lekualdaketen kasuan, «ETAkoak izan ala ez», sustraitzea frogatzea beharrezkoa dela esan zuen. «Beraz, ez hotelik, ez resortik», azpimarratu zuen lekualdaketen ondorioz jasotako kritikei erantzunez.
Erdi-askatasunean
Sailburuaren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxe ereduak erdi-askatasuneko erregimenen areagotzea du oinarri. «Europako herrialdeen joerekin bat dator» hori; izan ere, hainbat azterketak frogatu dute «erregimen horiekin arrakastatsuagoa dela pertsonen birgizarteratzea».
Erdi-askatasuneko erregimeneko zigorrak betetzen laguntzeko, hamabi etxebizitza prestatu dituzte; sei Araban, hiru Bizkaian eta hiru Gipuzkoan, bizitzeko baliabiderik ez duten edo horiek eskuratu ezin dituzten pertsonentzat. Etxebizitza horiek hirugarren sektoreko zazpi erakundek kudeatzen dituzte.
80 lagunek erabili ahal izango dituzte etxebizitza horiek eta erdi-askatasuneko erregimen batera iritsi ahal izango dute. Baimenetarako eta eguneko zentro gisa baliatzeko aukera ere izango da; beraz, beste 20 pertsona ere izan daitezke erabiltzaile.
Presoak gizarteratzeko eta laneratzeko Aukerak agentziaren datuak ere eman zituen sailburuak. 331 langile izan ditu Gobernuaren elkarte honek (296 gizon eta 35 emakume), eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu kanpoko bederatzi enpresarekin. Horiek 150 langile dituzte, 139 gizon eta 11 emakume. Gainera, ordainsariak hobetu dira.
Beste zenbait gairi buruz ere mintzatu zen Artolazabal: Gipuzkoako Espetxean zabaldutako Amen Unitateaz; gurasoak kartzelan dituzten adingabeei laguntza psikologikoa ematen dien Berriztu programaz; osasun arreta indartzeaz, eta suizidioak ekiditeko ezartzen ari diren protokoloaz...
Justizia Errestauratiboaren Estrategia martxan jarri dutela ere jakinarazi zuen: «Hasierako fasean gaude, datozen hilabeteetan lantegiak hasi ahal izateko, betiere borondatez eta diskrezioz».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
