GARA
BILBO

Euskal presoak birgizarteratzeko eskatu du Foro Sozialak

«Eusko Jaurlaritzari eta beste eragile batzuei dagokienez, zeregin nagusia da EAEn zigorra betetzen ari diren presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzea». Hala adierazi zuen atzo Foro Sozial Iraunkorrak, EAEk espetxe-eskumena bere gain hartu zuenetik igaro den urtearen balantzea egiterako orduan.

Adierazi zuenez, «Justizia Errestauratiboa Eusko Jaurlaritzaren 2022-2025 Estrategiaren zutabeetako bat izanik, orain arte egindako batzar-errestauratiboen esperientziatik ikasi behar da».

Izan ere, «inplikatutako alde guztien borondate politikoa egiaztatuta, bada garaia Justizia Errestauratiboaren politikaren oinarriak adosteko. Eta politika berri hori presoen esku utzi behar da, nahi duten guztiek erabil dezaten».

«Prozesu horrek izan dituen zailtasunen eta krisien lekuko gara, baina, zorionez, eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea izan dute, bidea urratuz», gaineratu zuen Foro Sozialak, indarrean dauden salbuespen-politikako neurriak amaitzeko eskatu ondoren.

Urrats positiboak

Dena den, espetxeen arloko eskumenaren inplementazioari dagokionez, «positiboki» baloratu nahi izan zituen orain arte egindako pausoak. «Alde batetik, inguruko kartzeletatik EAEko hiru kartzeletara hurbiltzeko politika gauzatzen ari da. Hurbilketak uztailean berriro hasi ziren eta espero dugu determinazio eta intentsitate berarekin jarraitzea, eta, beraz, aurten bertan amaitzea», esan zuen.

«Bestalde, graduen eboluzio-politiken aplikazioari dagokionez (2. graduko baimenak eta 3. gradua), azpimarratu nahi dugu Espetxeen Tratamendurako Batzordea eta Eusko Jaurlaritzako dagokion organoa tratamendu zientifiko eta pertsonalizatua egiten ari direla. Tratamendu hori ezin da beste era batera egin, ez baikara onurez ari, baizik eta dagozkien eskubideen aplikazioaz», gehitu zuen.

Hala ere, borondate horren aurrean Auzitegi Nazionaleko «zenbait epaileren eta haiek babesten dituen lobbyaren jarrera oztopatzailea dago. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da bi eredu desberdin daudela espetxe-politika ulertzeko orduan: batetik, ANko epaileen ikuspegi zigortzailea dago, eta, bestetik, birgizarteratze-politiken aldeko apustua dago, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren %91k babestua».