Iraitz MATEO
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

EGINDAKO LANAREN TRUKE HARITZ MUJIKA GAILENDU ZEN

Haritz Mujika gailendu zen Gasteizko saioan, eta Donibane Garaziko finalerdietara zuzenean sailkatu zen, 695,5 punturekin. Miren Artetxek egin zuen bigarren, 670 punturekin. Europa Jauregian 650 bertsozale baino gehiago bildu ziren bertsoaz gozatzeko. Seikotea osatzeko kantuan aritu ziren Iban Urdangarin, Amaia Iturriotz, Xabat Galletebeitia eta Manex Agirre ere.

Haritz Mujika garailearen izena esan duten unea, Gasteizko Europa Jauregian.
Haritz Mujika garailearen izena esan duten unea, Gasteizko Europa Jauregian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Laugarren saioa jokatu zen atzo Gasteizko Europa Jauregian, eta igandea izanagatik bertsozalea gogotsu zegoen. Haritz Mujika nagusitu zen eta, ondorioz, zuzenean igaro da Donibane Garaziko finalaurrekora. Bigarren Miren Artetxek egin zuen.

Zortziko nagusian, Artetxe eta Iturriotz euskararen erabilera urria dela-eta kezkaturik zeuden bi kazetariren gorputzean jarri zituen gaiak. Komunikabideek duten paperaren inguruan eztabaidatu ondotik bota zuen Artetxek: «lan bikainena eginda ere ez du inork irakurtzen».

Zortziko txikiko bertsoaldiak umoretik eta bixi joan ziren. Agirre eta Mujikari egokitutako gaiak honela zioen: «Manexek Haritzekin egoteko gogoa duela-eta oporretara joateko konbentzitu zuen; lau egun daramatzate oporretan eta Manex hirugarren liburua irakurtzen ari da». Literaturarekin lotutako hitzekin jolasean bota zion Agirrek: «...nik ere egin nahi nuen festa, abentura/ baina berehala joan naiz nire liburura/ zure argumentua azkar bukatu da». Mujikak bidaiaren zehaztasunekin umorez erantzun: «Akabo argumentua akabo patxada/ zure jarrerak joder egiten dit traba/ Pragara etorri eta eskutan Obaba/ Asteasutik hortako atera al gara?».

Iturriotzek eta Mujikak eztabaidaz eta aldarriz betetako ofizioa osatu zuten hamarreko txikian. Iturriotz ikastetxeko zuzendaria zen eta Mujika, eskola kiroleko arduraduna; udaran zehar jolastokia berritu zuten; Haritzen ustez, eskola kirolerako ez dago nahikoa tokirik. Iturriotzek azaldu zuen nolako jolastokia osatu zuten «...ez dago porteri ta frontoieko horma/ baina berdin-berdin da umeentzat ona/ alda diezaiogun kirolari forma». Mujika tokirik ez dagoela kexu: «...60 haur hemen ez gera kabitzen/ beraz hasi zelaia berriro handitzen/ edo lagunduidazu taldeak txikitzen».

Diru truke

Ganbarako lanean txukun ibili ziren bertsolariak, bakoitza bere estilotik kantuan. «Diru kantitate handia eskaini dizute, onartu egin duzu».

Urdangarinena izan zen entzulea barrez jarri zuen bakarkakoetako bat. “Interviu” aldizkarian biluzik ateratako argazki batzuen truke jaso zuen dirua, hain zuzen ere bostehun milioi: «...han azalduko naiz eta ez zaiteztela harritu/ bostehun miloi izan dira aditu ondo aditu/ lotsa ba omen da baina nirean ez da gelditu/ diruak munduko lotsa guztiak tapatzen ditu». Amaierako bertsoarekin borobildu zuen ariketa: «...Piña kolada basoan, whiskia eta purua/ berriz hemen ikustea ez da oso segurua/ inpernura joan aurretik bizi behar det zerua».

Artetxe gazte baten larruan jarri zen, larrualdi baten truke mila euro jasoko duen baten paperean: «...nabil dibortziatutako denei behar dena esaten/ ta dibortziatu ez diren guztien penak jasaten».

Galletebeitiak ironiaz josi zituen bertsoak. Drogazaleei kendutako droga beraiek kontsumitzen zutela azaldu zuen lehen bertsoetan, eta azkenekoan beren ibilbidea deskribatu zuen: «Ertzaintza gara ta herritarrak baino ez ditugu entzuten/ soldata kutre xamarra dugu ea igotzen diguten/ ta langileak ez al gara gu? ba gabiltza bizirauten/ bokazioa ahaztu dezaket bizitza badut iraupen/ jauzia eman dut aurten/ drogaz ez baina nola gaur diruz ondo ordainduko nauten/ beste aldera begiratzen guk ikasi dugu Arkauten».