Jon GARMENDIA
Idazlea

Ttipian handi

Lau urtetik behin bertsozalez janzten dira Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrak Bertsolari Txapelketa Nagusiari esker, eta plazer bat da arte zahar baten zuzenekoa ikusteko jende gaztea elkarrekin ikustea. Hiru saio dira aurten, eta lehena iragan da Zuberoako Gotainen. Orain Donibane Garazi eta Baiona daude zain, bi finalerdi, bi ospakizun. Bertsoaz harago baitoa halako saio batek herriari zein herritarrei eskaintzen diena. Interes soziologikoa, kulturala, ekonomikoa eta politikoa elkartzea interesgarri begitantzen zait. Ertzean da Gotaine, askorentzat urrun, baina gotaintarrentzat beste asko urrun dauden era berean, joatea da kontua, eta orduan dena hurbil gertatzen da. Erdigunera ekarri du bertsoak Arbailako herria, existitzen dela jakin dute batzuek, gozatu denek. Julio Sotok bete-betean jo zuen agurrean: «Arratsalde on jarri eroso eta goza zaiteztela/ Patxi ez dakit baina besteok gatoz bost Manex bezela/ Hegoaldetik Xiberuara begira jartzen garela/ bukolikoki ikusten dugu ertz batean dagoela/ Ba gaur bertsotan egingo dugu ardatza Gotaine dela». Guk Panpirekin bazkaldu dugu Mauleko Euskaldunan, 25 urtez Ozazeko auzapeza izan dena, bertso saioa zen elkartzeko aitzakia, eta gozamena izan da berari entzunda Zuberoa hobeki ezagutzeko parada ukaitea. Ttipian datza handitasuna.