Herri irisgarririk ez ikusmen urritasuna duten lagunentzat
Ikusmen urritasuna duten herritarrentzat gure kaleak oztopoz beteta daude, eta herri gehienetan irisgarritasuna eskasa da. Begiris Elkartea eta Elkartu Federazioa elkarlanean dabiltza horrelako espazioak salatu eta bide berriak urratzeko ahaleginean. Legeak eta arauak zehaztuta daudela azaldu dute; horiek betetzea falta da, ordea.

Kaleak guztionak omen dira, baina ez daude guztion neurrira eginak. Hori ikusarazi nahi dute Begiris Elkarteak eta Elkartu Fundazioak. Irisgarritasuna «oinarrizko eskubidea» dela aldarrikatzen dute, eta ikusmen urritasuna duten herritarrak «autonomoak» izateko arauak betetzea ezinbestekoa dela. Begiriseko kidea da Joxean Txintxurreta; Norma Andrade Elkartu Gipuzkoako Federazioko irisgarritasun teknikaria da, eta bere lanaren funtsa «jendea bere kabuz nahi duen tokira iritsi ahal izan dadin arauak betearaztea» dela azaltzen du.
Ez da kontu berria gure kaleen irisgarritasunik eza, baina covid-19aren eraginez «kaleak are gehiago pribatizatzen» ari direla uste du Txintxurretak eta horrek oztopoak izugarri ugaritzen dituela. Terrazen inguruan ari da; izan ere, pandemiaren eraginez espaloi publikoak pribatu bihurtu dituzte, bere esanetan.
Joan den uda baino lehen bildu ziren Donostiako Udaleko eremu publikoetako zinegotzi Miguel Angel Diezekin. Legeak betetzeko eskatu zioten. Teknikariaren iritziz, dauden arauak eta legeak «egokiak» dira, «arazoa da ez direla betetzen». Gutun bat ere bidali zioten. Ez dute erantzunik jaso, ez da aldaketarik egon.
Hamaika oztopo dituzte ikusmen urritasuna duten pertsonek. Donostiako erdialdea bera da adibide. Kalean abiatu eta aurkituko dugu toldo baxuren bat, horiekin talka egiteko arriskuarekin. Aurrerago egin eta denda baten erakustoki bat eta tabernako terraza, biak paretaren kontra. Ikusmen urritasuna dutenentzat paretak markatzen du bidea, eta tabernetako menuen kartelak edo kalean jarritako erakustokiak baldin badaude, bide-erakusle hori galtzen dute. Hurrengo kale izkinan zaborrontziarekin topo egin dezakegu; ez dago lurrera lotuta eta ondorioz makilarekin ukitzea ezinezkoa da. Kontxako hondartzako barandan bizikletentzat aparkalekua dago jarrita, eta arazo berarekin egiten dute topo, beste behin.
KONTZIENTZIA ETA PEDAGOGIA
«Pedagogia gehiago egin behar da», Elkartuko ordezkariaren iritziz. Izan ere, egungo gizartean kontzientzia falta eta ezjakintasuna dira nagusi. Inor gutxik du «intentzio txarra», Andraderen esanetan: «Zergatik dagoen gaizki eta nola hobetu esandakoan, jendeak aldatzen du». Baina kontzientzia hori piztu eta mantentzeko udaletxeek kanpainak egin beharko lituzketela uste du Txintxurretak: «Kanpaina horiek egitea ez da gure lana, guztion arazoa da, eta udaletxeek esku hartu behar dute».
Aldi berean, kontzientziatzen ez den jendeari legea betearazi behar zaiola uste dute, «horretarako daude arauak». Elkarte-ko ordezkariaren ustez, «tristea» da egoera horretara iristea, baina aurrez esatearekin aski ez bada, «zigorrak» betearazi behar direla uste du. Arduradun publikoek dute ardura eta erantzukizuna, bi kideen ustez. Ezjakintasuna da nagusi etxe horietan ere, baina galdegitearen garrantzia azpimarratu du Begiriseko ordezkariak. «Kargu publiko batek ez du guztiaren inguruan jakin behar, berak ordezkatzen dituen horiekin hitz egin behar du, galdetu zeintzuk diren beraien zalantzak. Ikusi eta ikasi».
Diez zinegotziak «elkarbizitza» kontuan hartu behar dela esan zien egindako bilkuran. Elkarbizitzaren ideiarekin bat egiten dute bi kideek baina, beraien ustez, «beti berdinok ezin dugu izan azkenak». «Ekonomiari eragiten dion guztiak aurrera egiten du. Baina gu eskubide batzuen jabe gara; nork defendatuko ditu gure eskubideak? Berak egin beharko luke, bera da arduradun publikoa, eta ez dendarienak edo tabernarienak bakarrik».
Galdera bat zuzendu dio Txintxurretak Donostiako Udalari: «Arauak betetzen ez badira eta kaleak garbitzen ez badira, ze aukera geratzen zaigu? Udaltzainengana jo eta banan-banan egoera bakoitzaren gaineko salaketa jartzea? Zer egin behar dugu gure eskubideak berma ditzaten?».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
