Ibai AZPARREN
IRUÑEA

«(ia) Amaiera», dispertsioari buruzko ikus-entzunezko erreportajea NAIZen

Sakabanaketaren amaiera iristear egon daitekeela-eta, NAIZek gaia irudi bidez plazaratzea erabaki du. Ikus-entzunezko erreportaje batean jaso dituzte dispertsioa zuzenean jasan dutenen testigantzak eta, horrekin batera, garai ezberdinetako irudi eta dokumentuak. Etxerako bidea azkartzeko urratsak eskatzen dituzte orain senide eta presoen eskubideen aldeko eragileek.

Senideek eta lagunek sufritu dituzte gehien dispertsioaren ondorioak.
Senideek eta lagunek sufritu dituzte gehien dispertsioaren ondorioak. (GARA)

Euskal Herritik ehunka kilometrora dauden kartzeletara urrundu dituzte euskal presoak hainbat hamarkadatan, eta asko espetxe batetik bestera mugitu dituzte inolako arrazoirik gabe. Espetxe politikak euskal presoen eskubideak ez ezik, senide eta lagunen eskubideak ere urratu ditu, eta horiek pairatu dituzte milaka kilometroko distantziak eta odoluste ekonomikoa. Dispertsioa hasi zenetik, gainera, hamasei lagun hil dira bisitetarako bidaietan.

35 urte inguru dira sakabanaketaren garai luze hau hasi zela eta, egun, azkenaldian izandako lekualdatzeei esker, urruntze politika amaitzen ari dela dirudi, baina dispertsioak oraindik hor dirau. Asier Roblesek, Asier Burgaletak eta Arkaitz Artolak egindako ikus-entzunezko erreportajea plazaratu zuen atzo NAIZek -gaur ere ikusgai dago-, espetxe-politika horrek eragindakoa eta egungo egoera azaltzeko, eta lau pertsonaren testigantzak jasotzen ditu horretarako.

Pakito Lujanbiok ia 30 urte egin zituen kartzelan; Amaiur Iragik 19 urte ditu eta, jaio zenetik aita kartzelan ezagutu du; Ibon Garatek anaia galdu zuen, bisita batetik itzultzean hil baitzen, eta Inaxio Oiarzabal Sareko kidea da. Sakabanaketak senideen egunerokoan ekarri duenaren inguruan hausnartzen dute laurek.

Iragik ondo gogoan ditu haurra izanda aita lau kartzela ezberdinetan egoteak eragin zizkion zailtasunak; horien artean, futbola, surfa eta lagunen urtebetetzeak galtzea, autoan egindako bidaia luzeak tartean, eta penaz bizitako itzulerak, aita han uzteagatik.

Bera bisitatzera zihoazela edo itzultzerakoan senideek istripuren bat izango ote zuten beldurra zuela gogoratzen du Lujanbiok, eta Etxeratek edo Mirentxin-ek, euskal presoen senideak kartzeletara eramaten zituen gidari taldeak, eginiko lana goraipatzen du ildo horretan.

Hain justu, Garatek sakabanaketaren ondorioz anaiak izandako istripua kontatzen du. 25 urte zituela Alcala Mecora joan zen preso bat bisitatzera, eta istripua izan zuen Sarracinen; ondoren, Burgoseko Ospitalean hil zen. Hala, dispertsioak eragindako hamasei hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatzen du ikus-entzunezko erreportajeak.

Egoera horiek salatzeko mobilizazioa nabarmena izan da, eta 2018tik preso asko Euskal Herrira edo inguruko espetxeetara itzuli dira. Sakabanaketa, ordea, ez da amaitu, eta, Sarek dioenez, badago bidea egiteko. Hain zuzen, Oiarzabal da azken parte-hartzailea, eta plataformako kideak esaten du oso garrantzitsua dela sakabanaketa amaitzea, baina baita salbuespen-neurri guztiak desagertzea ere, preso askori, baldintzak betetzen dituzten arren, hirugarren gradua edo irteera-baimenak ukatzen dizkietelako oraindik.

Aldarrikapena eta festa

Aste honetan aktualitateko gaia izango da, gainera. Izan ere, Sarek mobilizazio eguna antolatu du larunbat honetarako Donostian.

Izan Bidea dinamikak 3.127.326 kilometro egiteko erronkari bukaera emango dio Gipuzkoako hiriburuan. 11.00etan azken kilometroa egingo dute Bulebarrean eta 12.00etan manifestazioa izango da. Jaialdia izango da arratsaldean, 15.30etik aurrera Illunben, hainbat musika talderen parte hartzearekin.