Amagoia MUJIKA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

Jone Uriak 706 puntu eta hurrengo faserako saltoa

Donostiako Victoria Eugenian jokatu zen lehen faseko azken-aurrekoa. Jone Uriak lortu zuen hurrengo faserako txartel zuzen preziatua, 706 puntutan erosia. Atzetik, Onintza Enbeita, Aitor Etxebarriazarraga, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena eta Beñat Iguaran. Areto ederrak bertso saio elegantea hartu zuen, aparraldi gozoekin.

Atzoko saioko bertsolariak. Jone Uria -seigarrena- gailendu zen puntutan, hasi eta buka majo landutako saioan.
Atzoko saioko bertsolariak. Jone Uria -seigarrena- gailendu zen puntutan, hasi eta buka majo landutako saioan. (Iñigo URIZ | FOKU)

888 lagun Victoria Eugenia elegantean, pareko dotoreziako bertso saioaz gozatzeko. Bizi-bizi hasi zen saioa, lehen bi ariketak erritmo azkarrekoak. Bertsolariak lanerako eta bertsozaleak gozatzeko. Txapelketa Nagusia abiada hartzen ari da -gaur jokatuko da Lizarran lehen faseko azken saioa- eta sumatzen da motorrak berotzen ari direla, puntuazioak estutzen, kinielak bizitzen.

Jone Uria gailendu zen puntutan: 706 bildu zituen. Hasi eta buka lan oso txukuna, bertsotan ondo eta arrazoiketan fin. Zortziko nagusian Eñaut Martikorenarekin aritu zen. Urte luzez politikari ezagunak izanak, egun inork ez ditu ezagutzen. Martikorenari zer pentsatua ematen dio horrek; Uriaren berdin zaio.

«...Etzait inporta ez ezagutzea topatuta parez pare/ ni oso ondo nago Petronorren diana baten egon gabe». «...Nahi bazenuen jendea zutaz gerora gogoratzea/ hobe zenuen Rajoyren gixan tarteka hanka sartzea». «...Zu amorratuta penatan zaude ni enago horren gaizki/ batzuk egoa behar duzue nik diruarekin aski». Hiru bertso bukaera horiekin hasi zuen Uriak saioa eta gero ere eutsi egin zion. Ganbarako eder batekin amaitu zuen eta lasai eseri zen aulkian, datorren faserako txartela poltsikoan.

Bigarrena, Onintza Enbeita, 688 punturekin. Behetik gora etorri zen, eta puntuari erantzuten oso gora ekarri zuen saioa, ariketa bikaina josiaz. Ganbarako ariketan honako hau zen gaia: Badakizu min egingo diola, baina pentsatzen duzuna esatea erabaki duzu.

Sare sozialetan ezagututako amoranteari begira jarri zen Enbeita, sexu jolasean nahi adina ez zuela gozatzen aitortzeko. Ariketa txalotua izan zen. «...Zuri baietz esateko ohe sexu kontuetan / nire buruaren kontra egiten du batzuetan», hasi zen lehen alean. «... enaiz hasiko zurekin puntuez eta plazerez/ ezagutu ginenean biok helduak ginenez/ ni enaiz inoren ama ta irakasle ere ez», bigarrena. Eta, errematea, «...lagunak izan gintezke baina asko ditut lehendik/ beraz jarraitu dezagun bakoitzak bere bidetik».

Hirugarren Aitor Etxebarriazarraga izan zen. Ariketa guztietan fin eta kartzelakoan ideia original batekin erremate polita eman zion. Hamarreko handian Onintza Enbeitarekin aritu zen, adin bateko eliteko kirolarien azalean. Emaitza onak izan arren, Enbeitak uzteko asmoa du. Etxabarriazarragaren lehena: «Nola lika azalera itsasten den udan / maratoietan nahi dut segi itsasten zugan/ geneukanan elite kirola jomugan/ utzi behar duzula ta utzi nauzu dudan/ nik ez dakit zu gabe jarraitu ahalko dudan».

Laugarrena, Maddalen Arzallus, bertsotan bizi eta joskeretan oso fin. Eñaut Martikorenarekin aritu zen zortziko txikian, arratsaldeko une politenetakoa altxatuz biak batera. Pisukideak ziren. Arzallusi gustatzen ez zaiola jakin arren, Martikorenak berriz patata tortilla tipularekin egin du afaltzeko. «Oso lotsagabea da gure mutila/ eta ez da geratzen gainera ixila/ denetik jan behar da bai mutil abila/ eta ez egunero patata tortilla», Arzallusek bigarrenean. Eta Martikorenaren erantzuna: «Arabarrek neregan nolako itzala/ prestatzen det onena banitza bezala/ euskal kulturan honek esan nahi du hara/ ilargira ta bueltan maite zaitudala».

Bosgarrena izan zen Eñaut Martikorena. Hernaniarrak lortu zuen txapelketan zaila izaten den gauza bat: txapelketa zela ahaztuaraztea. Erritmo bizian, bertsoa pentsatu eta kantatu aldi berean egiten duenaren presaz, askotan iritsi zen jendearengana, txaloak eta algarak piztuz. Burutazio freskoenak eta grazi bereziarekin kontatuak izan ziren bereak. Bukaeran haserre agertu zen epaiarekin eta horrela adierazi zuen azken agurrean.

Seigarrena Beñat Iguaran izan zen, 659 punturekin. Saioan zehar txukun aritu zen eta asmatu zuen une propioak sinatzen. Hamarreko txikian Martikorenarekin bikain aritu zen. Aitona eta bilobaren azalean, Iguaran bilobak aitonari lagundu behar zion ligatzeko aplikazio batean profila sortzen. «Aitonak eskatuta ondotik horrela/ jakizu saiakera bat izango dela/ Tinder jarriko dizut nahi dezun bezela/ ta iruditzen bazaizu kristoren pastela/ First Dates-era joan zintezke bestela».

Lehen faseko azken saioa gaur jokatuko da Lizarran, arratsaldeko 17.00etan. Gaur itxiko da datorren fasera igaroko diren bertsolarien zerrenda. Txapelketaren trena martxa bizian doa.