Legeak euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» jaso dezala eskatu dute
Lakuako Gobernuak Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen irailean, eta hari ekarpenak egiteko aukera zabalik egon da aste hauetan. «Euskaraz hezi, berdintasunean hazi» adierazpena sinatu zuten eragileek hizkuntzaren esparruan legeak jaso beharko lukeena zehaztu dute.

EAEko Hezkuntza Lege berriaren eztabaidaren karietara, 2021eko abenduan “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” adierazpena plazaratu zuten eragileek aipaturiko legeari eginiko ekarpena aurkeztu dute. «Euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala» da, hain zuzen, atzo Gasteizen egindako agerraldian ezagutarazi zutena.
Europa Jauregian egin zuten prentsaurrekoa, eta han izan ziren, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, hezkuntza komunitateko eragileak diren Ehige, Euskal Herriko Ikastolak, Heize eta Hik Hasiko ordezkariak, bai eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako ordezkariak ere.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu zuen lege-proposamenaren edukia, eta, lehenik eta behin, gogoan izan zuen eragile horiek kezka bera partekatzen dutela aurkeztutako lege-zirriborroaren inguruan: «Behin eta berriro esaten ari gara lege berriak argi zehaztu behar duela zein izango den etorkizuneko hizkuntza-eredua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-sisteman. Hori ez da argi geratu aurkeztutako zirriborroan. Hortaz, horixe da gure proposamenak bete nahi duen lehen gabezia», esan zuen.
Alde horretatik, aurkeztutako proposamenak modu zehatzean jasotzen du etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hizkuntza eredua. Horren arabera, «euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman ikas- eta irakas-hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da». Are gehiago, testuan aipatzen denez, «hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera».
«Lege berriak halako zehaztapen-maila izan beharko du eraginkorra izateko. Beharrezkoa da legeak argi eta garbi zehaztea zein den hurrengo hamarkadetan ezarriko den hizkuntza-eredua. Euskararen gaian malgutasunez jokatuz gero, etorkizuneko belaunaldien euskalduntzea auzitan jarriko da, eta hori ezin da onartu», azpimarratu zuen Bilbaok.
Hain zuzen, arrazoi horregatik defendatu du euskarazko hizkuntza-eredu orokortuaren beharra: «Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du». «Orain arte, datu guztiek erakusten duten bezala, euskarazko eredua izan da helburu hori lortzeko eredurik arrakastatsuena. Horregatik diogu, legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jaso beharko lukeela, benetan nahi bada belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren bidean», adierazi zuen Kontseiluko ordezkariak.
Izaera integrala
Gasteizen aurkeztutako proposamenean hizkuntza-proiektuek garrantzi handia dute. Bilbaoren esanetan, dokumentuaren atal horretan ere jarrita dago «hizkuntza-proiektuek hizkuntza-ereduari jarraitu behar diotela derrigorrez, eta euskararen ikaskuntza-prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak izan beharko dituela, baina betiere oinarri bati jarraiki: euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea». «Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea, bazterketa soziala bultzatzea», aipatu zuen. Atal horretan, gainera, hizkuntza-proiektuak ebaluatu eta, beharrezkoa izanez gero, egokitzeko beharra jasotzen da. «Are gehiago, hizkuntza-proiektua egokitu ezean, programa-kontraturik ez da sinatzerik izango», zehaztu zuen.
Edonola ere, hizkuntza-ereduez eta hizkuntza-proiektuez gain, beste hainbat elementu jasotzen du proposamenak. Adibidez, euskal curriculumari erreferentzia zuzena egiten dio, eta besteren artean nabarmentzen du legeak «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia» jaso beharko duela.
Halaber, ikastetxeetako hizkuntza-jarduna ere arautzen du, zentroak euskararen arnasgune funtzional bihur daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen.
Helburua eta administrazioaren egitekoak
Orotara 29 artikulu ditu eragileek zehaztutako proposamenak, eta hezkuntza-sistemaren helburuei dagokienez, lehen puntuan bertan aipatzen da haren xedea «ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia amaitutakoan berezko hizkuntzaren eta beste hizkuntza ofizialaren ezagutza egokia izatea» izango dela, «erabiltzaile independente aurreratu gisa jarduteko gaitasunarekin». Hirugarren hizkuntza baten ezagutza ere lortu beharko da, horren arabera.
«Euskararen erabilera bultzatzea, hizkuntzaren berreskurapen-prozesuari eta erabateko normalizazioari lagun- duz»; hori da, aipatzen denez, hezkuntza-sistemaren beste helburu nagusia, eta, horrekin batera, «Euskal Herriko kultura-nortasuna jorratzen laguntzea, inguruneko geografian, gizarte-ekonomian eta kulturan errotzea bultzatuz».
Administrazioaren paperaz, dokumentuak azpimarratzen du hezkuntza-sistemaren erantzukizuna dela «derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasle guztiek, ahoz zein idatziz, erabiltzaile aurreratuaren gaitasunak, gutxienez, eskuratzea berezko hizkuntzan, bai eta beste hizkuntza ofizialean ere», eta helburu hori lortze aldera «botere publikoek euren eskumen eta ahalmenak baliatuko» dituztela.
Ikasleen eskubideak
Proposamenaren hirugarren artikuluak ikasleen eskubideak jorratzen ditu, eta aipatzen du hezkuntza-sistemak «hizkuntza ofizialen ezagutza egokia, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren (HEEMB) B2 maila, gutxienez, eskuratzea» bermatu behar diela, «ikaslearen eta ingurunearen errealitate linguistikoa edota soziolinguistikoa zeinahi izanik», eta, bestetik, «gaitasun horiek eskuratzeko xedez, euskararen ikaskuntzari ordu nahikoak» esleitu beharko zaizkiola. «Erregelamenduz ezarriko da euskararen irakaskuntzari ordu nahikoak ezarri ote zaizkion aztertzeko aldian aldiko prozedura, eta ezarritako gaitasuna lortze aldera ordu kopurua nahikoa ez den kasuetarako, ikastegiaren hizkuntza-proiektua aldatzeko prozedura eta hertsatzeko bitartekoak», gaineratzen du testuak.
Langileen hizkuntza-gaitasunaz proposamenak dio irakasleei euskararen derrigorrezko ezagutza ezarriko zaiela, «C1 maila, gutxienez, irakaskuntzan jarduteko», eta irakasleak ez diren langileei ere euskararen derrigorrezko ezagutza ezarriko zaiela, «haien funtzioaren arabera».
Bide horretan, euskara-gaitasuna ez duten langileei prestakuntza emango zaiela iragartzen du, «beren zereginak euskaraz egin ditzaten».
Proposamenaren arabera, «irakasleen prestakuntzaren ardatzetako bat izango da euskal kulturaren ezagutza zabala eta eguneratua izatea», izan ere, eragile hauek nabarmentzen dutenez, «horrela soilik lor daitekeelako irakasle horien erreferenteak euskal kulturaren eremukoak izatea eta ikasleriari ezagutza eta zaletasun hori transmititzeko baldintzak ziurtatzea».
Curriculumaren izaera eta xedea azaltzen ditu
Hezkuntzako eragile nagusiek eta Kontseiluak aurkeztutako proposamenak curriculumari tarte luzea eskaintzen dio, eta, ezer baino lehen, gai honi buruz zehazten du «curriculumaz ari garelarik, Euskal Curriculumaz» ari dela, «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jasotzen duen curriculuma, hain zuzen». Aipatzen duenez, «ikuspegi honi erantzunez zehaztuko dira ikasleen irteera profila, metodologia eta ebaluazio-ildoak eta lorpen adierazleak», eta horretarako hiru arlotan «berariazko lanketa» bideratuko dela azaltzen du: «Irakasleak curriculumaren ulerkera honetaz jabetzeko eta berau garatzeko prestatzea»; «curriculumaren ulerkera honi erantzuten dioten ikasmaterialak eta ikas-baliabideak garatzea eta berauen erabilera arautzea»; eta «etengabeko ikerketa, ebaluazioa eta berrikuntza bermatuko duen zerbitzua artikulatzea, unean uneko gizarte aldaketei, premiei eta erronkei erantzun eraginkorrak emateko».
Curriculumaren beraren helburuez dokumentuak aipatzen du «Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sisteman hezkuntzaren helburuak lortzera bideratutako irakaskuntzak osatzen dituzten arloen eta ikasgaien curriculuma, bai eta beste edozein jarduera ere» honako helburuak erdiestera bideratuko dela: «Euskara ikastea eta euskararen erabilera sustatzea, komunikaziorako ez ezik, Euskal Herriko nortasun kultural eta historikoa interpretatzeko eta transmititzeko ere, gizarte-kohesiorako ezinbesteko elementua den heinean»; «Europako, eta, oro har, munduko, hizkuntza eta kultura-aniztasuna errespetatzeko eta aitortzeko prestakuntza, bai eta eleaniztasun horren izaera aberasgarria ere, kultura desberdinen arteko harremanak ezartzeko oinarri gisa; eta Euskal Kulturaren Transmisioa belaunaldiz belaunaldi bideratuko dela ziurtatzeko, euskal kulturaren ezagutza bultzatuko da ikuspegi kritiko batetik». I.B.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
