GARA
BEIRUT-TEL AVIV

Mediterraneoko gasaren ustiaketa banatuko dute itun historiko batekin

Israelek eta Libanok beren itsas mugari buruzko hitzarmen historikoa lortu dute; gasean aberatsak diren Mediterraneoko ur horietan bakoitzak zein gas hobi ustiatuko duen zehaztuz aspaldiko gatazka ebatzi dute. Oraindik bi gobernuek zirriborroa onartu behar badute ere, Yair Lapid Israelgo ministroak eta Hezbollah talde xiitak oniritzia agertu dute.

Soldadu israeldar bat Rosh Hanikra Libano eta Israelen arteko mugako pasabidean.
Soldadu israeldar bat Rosh Hanikra Libano eta Israelen arteko mugako pasabidean. (Ialaa MAREY | AFP)

Israelek eta Libanok beren itsas mugari buruzko akordio historikoa lortu dute; gasean aberatsak diren Mediterraneoko ur horiek nori dagozkion negoziatuta aspaldiko gatazka ebatzi dute.

Mediterraneoko 860 kilometro karratu inguruko eremuan dauden Karish eta Qanako gas hobien inguruan liskartuta zeuden orain arte.

Hitzarmenaren ondorioz, Israelek lehenengoa ustiatuko du eta Libanok bigarrena.

2020an hasi ziren teknikoki oraindik gerran dauden bi estatuen arteko negoziazioak, AEBen bitartekaritzarekin.

Amos Hochstein AEBetako bitartekariak azken proposamen bat egin zuen joan den astean, eta hasiera batean bi aldeen oniritzia izan zuen, baina Libanok aldaketa batzuk eskatu zituen, Israelek onartezintzat jotzen zituenak. Negoziazioak porrot egiteko zorian egon ziren eta asteburuan «elkarrizketa bizia» izan zen bi negoziazio taldeen artean, Hochsteinen bitartekaritzarekin gaur bi aldeek onartu duten zirriborrora iritsi arte.

Yair Lapid Israelgo lehen ministroak atzo baieztatu zuenez, zirriborroak «Israelek ezarritako printzipio ekonomiko eta segurtasun-printzipio guztiak betetzen ditu».

Lapid bere Segurtasun Batzordearekin bildu ondoren, Israelgo Gobernuak bilera berezi bat egingo du gaur ministro guztiekin, zirriborroari behin betiko oniritzia emateko. Hala ere, duela egun batzuk Israelentzat onargarria izango litzatekeenaren «oinarriak» aurkeztu zizkien eta Libanok eskatutako aldaketen aurkako iritzia agertu zuen.

Libanok akordioa onartzen duela formalki baieztatu bitartean, Michel Aoun Libanoko presidenteak «pozgarritzat» jo zuen atzo aurkeztu zioten azken zirriborroa, bere iritziz «Libanok bere aberastasun naturalak ustiatzeko duen eskubidea babesten duelako».

Hitzarmenak gas hobiak ustiatzeko aukera ireki dio Libanori, herrialdeak inoizko krisi ekonomiko larrienetakoa bizi duen honetan.

«Eskaintza honen azken bertsioa pozgarria da Libanorentzat, azken hilabeteetan eztabaida luze baten mamia izan diren libanoarren eskaerak betetzen dituelako, eta ahalegin handiko eta ordu askotako negoziazio zail eta konplexuak behar izan dituztelako», iragarri zuen herrialde arabiarreko Presidentetzak.

Negoziazioei buruzko xehetasunik eman ez badute ere, Libanok joan den asteko proposamenari uko egin zion, ez zuelako onartzen muga 29. Lerroan ezartzea.

Israelek, bestetik, 1. Lerroan ezartzeko asmoa zuen, askoz iparralderago, Karish eta Qana hobiak osoki bereganatzeko.

29. Lerroan Israel 2000. urtean erretiratu zen aldi baterako muga da, buiekin ezarria, Rosh Hanikra hiritik bost kilometrora, ipar-ekialdeko muturrean.

Gatazka konpontzeko, hitzarmenak muga 23. Lerroan ezarri du; hala, Israelek Karisheko hobia ustiatuko du, muga horren hegoaldean, eta Libanok, Qanakoa, iparraldean.

Hala ere, goi-funtzionario israeldar batek jakinarazi zuen Israelek ordaina jasoko duela Qanako «eskubideak lagatzeagatik», akordioak eremu horren zati bat Israelgo urak direla dioelako.

Bien bitartean, Israelek argi berdea eman zion larunbatean Energean konpainiari Karisheko gasbidea probatzen hasteko. Izan ere, haren arabera, tokiaren ustiapena eztabaidatik kanpo dago eta, akordioa lortu ala ez, egiteko asmoa zuen, nahiz eta hori gertatuz gero Hezbullah milizia xiita libanoarrak Israeli erasoko ziola mehatxu egin.

Hezbollahren oniritzia

Hala ere, Hezbollahk Libanoko Gobernuari babesa eman zion atzo akordioa onartzeko, eta hitzarmenaren negoziazioan ez zuela inolako esku hartzerik izan adierazi zuen. Hezbollah-ren aurkako jarrera hitzarmena sinatzeko oztopo handia izango zatekeen, Libanon botere politiko handia baitu eta gogor kritikatu baitu azken urteetan Israel eta hainbat estatu arabiarren arteko adiskidetze prozesua.

Aitzitik, talde xiitaren esanetan, hitzarmena oso garrantzitsua da Libanok bere baliabide naturalak ustiatu ahal izan ditzan.

Hezbollah Israelen etsai nagusietariko bat da, Iranen tresnatzat jotzen baitu, eta joan den uztailean hiru espioitza-drone bidali zituen Karish aldera. Israelgo Armadak hara iritsi baino lehen eraitsi zituen horiek.

Israelek eta Libanok ez dute harreman diplomatikorik eta ofizialki gerran daude 2006az geroztik. Lurreko muga ere ez dute inoiz adostu eta 2000tik NBEk su-etenean ezarritako «Lerro urdinak» bere horretan jarraitzen du.

Itsas muga ez ezartzeak ez zuen aurretik inoiz arazorik sortu, inguru horretan gas hobi garrantzitsuak aurkitu zituzten arte.

Duela bi urte bildu ziren bi gobernuak negoziatzeko, AEB eta NBE bitartekari zirela, oraindik ere bi herrialdeak etsai amorratuak zirelako. Libanok eztabaidan zegoen eremuaren azalera bikoiztu nahi izan zuen, 1.430 kilometro karratura iritsiz, eta elkarrizketak urtebetez eten ziren. Uda honetan berrabiatu dituzte negoziazioak, Israelek ingurura gas plataforma bat bidali zuela eta.

Libanok 2019tik jasaten ari den krisi ekonomiko larritik irteteko salbazio bide gisa ikusten ditu balizko gas-erreserba horiek.

Egun Europa gas-hornitzaile berrien bila ari denez, diru-iturri ederra litzateke Libanorentzat eta bere energia-krisia konpontzen lagunduko lioke gasa aurkitzeak.

Izan ere, Libanoko Estatuak duela urtebete baino gehiagotik ezin die herritarrei elektrizitate hornidurarik eman. Hala ere, adituen ustez, luze joko du Mediterraneoko herrialdeak balizko gas erreserba horiek baliatu ahal izaterako, krisi ekonomikoak eragindako egoerak prozesua zailduko baitu neurri handi batean.

Azken hilabeteetan Libanok lizitazio txanda berri bat ireki du liskarretik kanpoko urak aztertzeko, eta oraingoz ez dute hidrokarburorik aurkitu eremu horietan.

Netanyahu adelanta el primer rechazo

El ex primer ministro israelí Benjamin Netanyahu mostró las primeras dificultades a las que se enfrenta el acuerdo sobre la frontera marítima entre Líbano e Israel, al acusar al actual jefe de Gobierno, Yair Lapid, de rendirse a Hizbulah. «Esto no es un acuerdo histórico sino una rendición histórica. Lapid se rindió completamente ante las demandas de Hizbulah. Se asustó y se rindió», afirmó. Israel celebra elecciones el próximo 1 de noviembre y Netanyahu, que aspira a volver al poder, no perdió la ocasión de la arenga electoralista al señalar que «en estos tiempos turbulentos Israel no se puede permitir tener un primer ministro débil y sin experiencia».

El Ejecutivo israelí debe dar hoy el visto bueno al borrador del acuerdo, pero la ministra de Interior, la ultraderechista Ayelet Shaked, adelantó que se opondría al texto en caso de que este no se vote en la Kneset.

Mientras, en Líbano, aunque Hizbulah ha mostrado su apoyo al acuerdo, el Gobierno se encuentra en una situación de interinidad y el Parlamento debe elegir un nuevo presidente antes del 31 de octubre, sin que haya candidatos con apoyos suficientes. GARA