Apaolaza, Bilbao eta Mutuberria, Euskadi Literatura saridunak
Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzailea dira aurtengo Euskadi Literatura saridunak hiru modalitatetan: Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa, hurrenez hurren. Datorren astean iragarriko dute gainerako sarien irabazleak nortzuk diren.

Euskadi Literatura sariak jasoko dituzten lehenengo izenak iragarri zituzten atzo. Uxue Apaolazari egokitu zaio Euskarazko Literaturarena, Leire Bilbao izan da Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan irabazlea, eta Maite Mutuberriak eskuratu du Ilustrazioarena.
Atzo jakinarazi zituen irabazleak Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiriak, sortzaileekin batera Gasteizen emandako prentsaurreko batean. Sailburuak azpimarratu zuenez, sari hauek «garrantzi berezia» daukate idazlez osatutako epaimahaiak aukeratzen dituelako sarituak.
Bide batez, Euskadi Literatura Sarien helburu «nagusia», irakurzaletasuna sustatzearekin batera, sortzaileentzat «errekonozimendu publikoa eskaintzea eta lanean jarrai dezaten animatzea» dela zehaztu zuen.
Apaolazaren “Bihurguneko nasa” ipuin bildumaren inguruan, epaimahaiak «identitateen eta alteritateen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen» duela adierazi du. Idazleak berak, «bakarka irakurtzeko» lana sortu duela zehaztu zuen: «Literaturaren jolasa ulertzen dutenentzat idatzi dut; intimitatean irakurtzekoa da».
Haur eta Gazte Literatura saria Leire Bilbaori emango zaio “Barruko hotsak” poesia lanarengatik. Epaimahaikideentzat «errimaz eta erritmoz betetako poesia bisuala da, belarriekin irakurri eta begiekin entzutekoa». Gainera, saria lan honi emateko arrazoien artean, liburuaren «tipografia jolasak, konposizioa, maketazioa eta ilustrazio bikainak» nabarmendu dituzte. Bilbaok atzo esan zuenez, egun arrunt baten soinuak biltzen dituen lana da: «Gure giharrek goizean luzatzean egiten duten soinutik, gure buruetan sortzen den idea batek egiten duen zarataraino».
Aurtengoa ez da Bilbaok jasotzen duen lehenengo Euskadi Literatura Saria, 2017an kategoria berean sariduna izan baitzen, “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” lanarekin. Hau eta baita “Barruko hotsak” ere Maite Mutuberriak irudiztatutakoak dira. Mutuberria, hain zuzen, izan da Literatur Lanaren Ilustrazioa kategorian ematen den sariaren irabazlea. “Irrimola” liburu-objektu biribilean, haurren bizitzeko eran oinarritu dela azaldu zuen Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan. «Proiektu hau lantzen nenbilenean, haurrak jolas eta plazer hutsagatik bizi direla erreparatu nuen, eta horretara fokatu nahi izan nuen ‘Irrimola’». Izenburuari dagokionez, ‘irria’ eta ‘zirrimola’ hitzen konbinazioa dela argitu du. Modalitate honen epaimahaiaren arabera, «‘Irrimola’ haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat.»
Sailburuak iragarri zuenez, gainontzeko lau Literatura Sarien irabazleak (Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz) datorren astean jakinaraziko dituzte. Bide batez, sariak banatzeko ekitaldia datorren azaroaren 24an Donostiako Tabakaleran ospatuko dela jakitera eman zuen.
Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskarazko Literatur Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Uxue Apaolaza
Idazle hernaniarra historian lizentziaduna da eta AEKn irakasle lanak egiten ditu. Zutabegile ere aritzen da hedabideetan.
Saria eman dion ‘Bihurguneko nasa’ liburuaz gain, beste bi lan argitaratuta dauzka: “Umeek gezurra esaten dutenetik”, 2005ean Erein argitaletxeak publikatutakoa eta “Mea culpa” 2011n Txalaparta argitaletxearekin kaleratutakoa.
“Bihurguneko nasan” lanean Lur izeneko 40 urteko ama langile baten inguruan dihardute bederatzi ipuinek. Hamar urte geroago Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartzen da protagonista Madrilen, eta elkar barkatzen dute. Hala ere, nork bere kontakizuna egingo du.
Leire Bilbao
Bigarren saritua Leire Bilbao ondarroarra Zuzenbide ekonomikoan lizentziaduna da. 2006an argitaratu zuen lehenengo liburua, “Ezkatak” poema bilduma. Ondoren publikatu ditu: “Scanner”, 2011n, eta “Etxeko urak”, duela bi urte. Bi Euskadi Literatura sari eskuratzeaz gainera, beste zenbaiten irabazlea izan da: Etxepare saria, Lizardi saria eta Lauaxeta Poesia saria, besteak beste.
Aurten Maite Mutuberriarekin batera egindakoak ume baten egunerokotasuna dauka ardatz. Soinuen bitartez hitzen formarekin eta tipografiarekin jolastuz, poesia bisuala sortu du, umore gozoko zertzeladekin.
Maite Mutuberria
Duela hamar urte hasi zen irudigile nafarra honetan lanean, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna den arren. Horrela, 30 liburu baino gehiago ilustratu ditu, besteak beste, “Barruko hotsak”, “Joemak eta polasak” eta “Lilo”. Mutuberriarena da “Lohia” eleberri grafikoa ere.
Ikaselkar argitaletxearen proposamen batetik jaio zen ‘Irrimola’, haurrei zuzendutako pozaren inguruko lan bat egiteko enkargua jaso zuenean, hain zuzen. Hortik abiatuta, eta poza biribila den premisarekin, umeek bizitza interpretatzeko daukaten moduan oinarritu zen Mutuberria, zirkuluerdi-formako sorkuntza hau egiteko.
Euskadi Literatura Sariak
1997tik urtero antolatzen ditu Lakuako Gobernuak Euskadi Literatura Sariak. Hasieran lau kategoriatan eman ziren, Euskal Literatura, Itzulpengintza, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Gaztelaniazko Literatura, 2008ra arte. Orduan, Ilustrazioen saria gehitu zitzaien eta 2010ean bi kategoria gehiago sortu zituzten: Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz.
Iaz Euskarazko Literatura Saria Pello Lizarraldek irabazi zuen; Euskarazko Haur eta Literatura modalitatean Anjel Lertxundi izan zen sariduna, eta Literatura Lanaren Ilustrazioa kategorian Javier de Isusirentzat izan zen saria.
Hiru kategoria hauetan aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: Lourdes Otaegi, Ane Labaka, Jon Martin, Yurre Ugarte eta Josu Jimenez, euskarazkoan; Manuel Lopez, Larraitz Idarreta, Karla Fernandez de Ganboa, Ziortza Onaindia eta Patxi Zubizarreta haur literaturan, eta Javier de Isusi, Maria Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiain, ilustrazioan.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
