Ibai AZPARREN
NAFARROA OINEZ 2022

Euskararen aldeko hazia erein dute euskaltzaleek Tafallan

Milaka lagunek erantzun zioten atzo Garces de los Fayos ikastolaren deiari. Laugarrengoz antolatu dute Nafarroa Oinez Tafallan, aurtengoa «Erdian erein» leloarekin. Sabela pozteko talo eta pintxoek, eta, bereziki, musikak hartu zuten protagonismoa ikastolen aldeko jaian. Lekukoa Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak hartu zuen.

Ez zen jende gehiago sartzen Kimu gunean. Haurrei bideratutako hamaika jarduera antolatu zuten; ikastolen artean egiten duten «Erronka» lehiaketa esaterako.
Ez zen jende gehiago sartzen Kimu gunean. Haurrei bideratutako hamaika jarduera antolatu zuten; ikastolen artean egiten duten «Erronka» lehiaketa esaterako. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Garagardoa edan eta euskaraz mintzatu». Hori zen Iruneren igande honetarako plana. Kuadrillarekin etorri zen Tafallara Iruñetik Garces de los Fayos ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinezera. Eguraldia lagun eta “Erdian erein” leloa hartuta, laugarrengoz antolatu dute ikastolen jai erraldoia Tafallan, eta bi kilometrok eta lau gunek osatzen zuten ibilbidea euskaltzaleak jasotzeko prest zegoen goizeko lehen ordutik.

Aurtengo lemari jarraiki, Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu guneak prestatu zituzten, eta azken biak izan ziren gazteen topaleku. Musika izan zen horietan protagonista eta talde andana aritu zen, hala nola Patxi eta Konpania, The Trikiteens, Go!azen, Xutik, La Mala Pekora, DJ Bull, Skabidean, Rotten XIII eta Trikidantz. «Ez gara Kimu gunetik ia aterako, bokata eta guzti ekarri dugu», esan zuten Zelaik, Ekiñek eta Iunek; «ikastolak laguntzeko eta euskara bultzatzeko» jai honek duen garrantzia ere azpimarratu zuten hiru lagunek.

Denbora gutxi falta zen festaren bideari ekiteko, Tafallan zehar zeuden luxuzko janleku eta orkestra askoren fusioan barneratzeko. Txistorra edo xingarra dastatzeko gogoz, taloak erosteko ilara bezain luzea zen dirua trukatzeko ilara; odisea bat, jendearen joan-etorri etengabea kontuan hartuta.

Eguzki epelaren printzak lagun zirela heldu ziren euskaltzale gehienak, eta izozki bat hartuta itzalpean eseri zen makina bat jende, 25 graduak aise gainditu baitziren Tafallan. Beroak, ordea, ez zuen eragotzi “Erronka” martxan jartzea, Oinezen aurtengo apustua. Nafarroako ikastola guztietako taldeak lehiatu ziren kirol eta trebetasun probetan, eta gune guztietan zehar egin ziren.

Izan ere, ikastolen aldeko jai egunerako jarduera ugari antolatu zituzten era guztietako publikoarentzat, haurrentzat batez ere Sustrai eta Hazi guneetan. Lehenengoan, besteak beste, herri kirolek, konfetiak, txalapartak, globo festak eta eskalada-eremuek girotu zuten haurren eguna; bigarrenean, berriz, ingurumen eta pintura tailerrek, eta Kiki, Moko eta Kokok, Txutxin Ibañez eta Garibaldi Band-ek, Ache Pa Ti-k, Julivert-ek eta ia Euskal Herriko bazter guztietara iritsi den DJ Bull-ek alaitu zuten Tafallako giroa.

Jendearen arreta erakarri zuten denetariko postuek, baita tonbolak ere. «Sari gehiegi» irabazi zituen bertan Mikelek. Poltsan karga astuna gorde eta sorbaldan zeraman, hura «ezkutatzeko» txoko bat bilatzen zuen bitartean. Kimu ondoko parking erraldoian zuen autoa aparkatuta, eta bertan seietan elkartzekotan geratu zen seme-alabekin. «Hor dira gehien gustatzen zaizkigun kontzertuak», esan zuten, bestalde, Ekaitz eta Eiderrek. Aurrean gazteak, eta atzean haurrak garraiatzeko aulkitxoen topalekua, sintonia berean.

pasatu dute lekukoa

Goiz hasi ziren autobusak bata bestearen atzean aparkaleku egokituetara iristen, Erdialdean Nafarroa Oinez gogotsu hartu zuten seinale. Ikastolako lehendakari Aritz Azcaratek azken urtean egindako lana «gogorra» izan dela esan zuen baina, aldi berean «zirraragarria eta dibertigarria» izan dela, «ilusioa berritzeko» balio izan duena. Espazio berriak behar ditu ikastolak, eta helburu horretara bideratuko dituzte Nafarroa Oinez festan ateratako irabaziak.

Ikastolako patioan egin zuten hasiera ekitaldia, agintariak eta kulturako, gizarteko eta erakundeetako ordezkariak han zirela; ia alderdi politiko guztietako ordezkaritza zabala bildu zen.

Hitzaldian Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen elkarteko lehendakariak Garces de los Fayosen lanari esker «euskarak Tafallan duen presentzia irmoki sustraitu» dela nabarmendu zuen. Hala ere, «indarrean dagoen euskarari buruzko legeak ez du biderik ematen hizkuntza eskubideak bete daitezen», salatu zuen, «ez baitio euskarari ofizialtasunik aitortzen herrialde osoan». Hori dela eta, hizkuntza eskubideak betetzeko eskatu zuen Zabaletak.

Kulturgunean, Ikastolen Federazioak Iparla Elkartea omendu zuen, protokolorako luntxa prestatuz Nafarroa Oinez jaiari egindako ekarpenagatik. «1979. urtean sortu zen Iparla, eta bazkideen artean ikastoletako gurasoak ziren; guk segitu dugu lana», esan zuen Iparla elkarteak.

Sury Belloso ikastolako ikasle ohiak dantzarekin gozarazi zuen publikoa, Tafallako txistularien alardeak lagunduta. Bukatzeko, Garces de los Fayos Ikastolak Nafarroako Ikastolen Federazioari pasatu zion lekukoa, eta honek, berriz, Gotzon Perezi eta Iñigo Orellari, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako lehendakariari eta zuzendariari, horrek antolatuko baitu hurrengo Nafarroa Oinez. «2023ko urriaren 15ean Sakanan gurekin batera gure hizkuntza eta hezkuntza aldarrikatzera gonbidatzen zaituz- tegu», esan zuten.