Jon GARMENDIA
Idazlea

Haizea dator

90 beltzean, ia- ia ilbeltzean, etxera uda ekarri nuen mundura sortzean, katuka zutik jartzean, lehen urtebetetzean, Parotek ere urte bat bete zuen espetxean» hasten du Maddalen Arzallusek Ion Paroti eskainitako bertso sorta. Gitarrarekin ohartarazi digu bere 32 urteek zer eman duten, 32 urteko espetxealdian bizitza oso bat nola igaro den. «Joan nintzen ikastolara, lehenik ta behin Hendaiara, bertan ze pozik jolasten nintzen esaten zaila da, ta amaitu zenean jada, nere haurtzaro bolada, Ionek kartzelan kunplitu zuen lehen hamarkada».

«Ikastola bat txiki da, joan naiz handitik handira, Gasteizko Letren fakultatean emanez segida, aldegin dut urrutira San Petesburgo hirira, ta Ion kartzelan sartu zutela hogei urte dira».«Zer da hogeita hamabi? Bizitza bat bizitza bi, azkenerako krisketa kendu zaio ateari, nahiz ta dena ez den argi, ta zalantzaz naizen ari, ea etxea senti dezakeen ilunpeko kabi». Goxoki bukatzen du sorta, oroitarazle, urtebeteko espetxea etxean bete beharko duela oraino, ez dela osoki libre; gure herri zaharra iduri.

Irantzu Idoatek ere gai berari jarri dizkio bertsoak berriki. Horra sortako bat: «Urteak dira hilabeteak egun argi ta gau beltzak, urteak dira eguneroko ta noizbehinkako sorpresak, baina urteak izan daitezke etengabeko ezetzak, urteak izan daitezke beti ukatzen diren ametsak, hogei ta hamabi ze izango diren gutako bakoitzarentzat, denborak ere ez dauka eta pisu berdina denentzat». Ez.